Urtero modura, Santa Zezilia ospatzeko asmoz kontzertua eskainiko du Bergarako Musika Bandak. Domekan, hilak 24, egingo dute udal pilotalekuan eta Enrike Txurruka zuzendariak adierazi duenez "denetarik" entzuteko aukera egongo da. Kontzertu aurretik kalejira egingo dute, eta kontzertu ostean, musikariek bazkari batekin ospatuko dute.
Hain zuzen, J.R. Pascual-Vilaplana-ren Jessica, C.M. von Weber-en Der Freischutz, Bert Appermont-en Noah's ark, José Serrano-ren Cancion Hungara eta Enrike Txurrukak moldatutako Su Ta Gar-en doinuak egongo dira entzungai.
Musikari gazteen debuta
Banda "gaztetu eta indartzeko asmoz" Ane Azkaratek eta Hodei Murgizuk debuta egingo dute domekan Udal Pilotalekuan. Azkarate oboearekin arituko da eta Murgizu perkusioarekin. Txurrukak azaldu duenez, domekan debuta egingo duten gazteekin, eta San Martinetan debutatu zuen Jon Aranbururekin batera, beste zazpi musikari gaztek gabonetan izango dute bandarekin lehen aldia.