Gizarte zerbitzuak "espazio seguru bat" direla gogora ekarri du Bergarako Udalak azaroaren 25aren bueltan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko aza. 19a, 13:38

Indarkeria matxista salatzeko iaz San Martin plazan egindako ekitaldia.

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontrako eguna izango dela-eta, hainbat ekitaldi izango dira Bergaran datozen egunotan. Udaletik gogoratu dute gizarte zerbitzuak "espazio seguru bat" direla; laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa; alojamendua eta paper-baimenen kudeaketa zerbitzua eskaintzen dute. Martxanterek Endreduan izeneko kale ekintza berezi bat antolatu dute azaroaren 25erako.

Gizarte zerbitzuetan zalantzak argitzen laguntzen dutela gogora ekarri du Udalak: "Bertan egin daiteke informazioa eskatu, kontrastatu, eta profesional desberdinen laguntza jaso. Espazio horren gainean azpimarratu nahi da erritmoa norberak jartzen duela, zerbitzu hau informazioa zein laguntza eskatu eta jasotzeko dela; horretarako inor ez dagoela derrigortuta salaketa jartzera".

24 orduko telefono zenbakia

Bestalde, Udalak oso baliagarria deritzo, baita ere, Eusko Jaurlaritzak martxan daukan 24 ordutako telefono zenbakia, erabat anonimoa dena, bai larrialdi kasuetarako zein gaiarekin lotutako edozein kontsulta egiteko: 900 840111.

Jabekuntza eskola

Horrez gain, Udalak 2018an Jabekuntza Eskola martxan jarri zuen, eta urtero ahalduntzea helburu duten hainbat ikastaro antolatzeko konpromisoa dauka. 2019ko eskaintzaren barruan, bukatu berri da Tuppersex ikastaroa, "oso arrakastatsua" izan da. Laster hasiko da hurrengo ikastaroa, maitasun erromantikoarekin lotutakoa. Honetan izena emateko aukera dago azaroaren 28ra arte. Interesatuek idatzi edo deitu dezatela berdintasuna@bergara.eus edo 943 779100 .

Egitaraua

Azaroak 21.

Hitzaldia. Estado de derecho y violencia de genero, Ixusko Ordeñana Gezuraga UNEDeko irakaslearen eskutik. UNEDen, 18:30ean.

Azaroak 25

Kontzentrazioa Emakume helduetan indarkeriarik ez lelopean. Duintasuna taldearen eskutik. Udaletxe aurrean, 12:00etan.

Endreduan izeneko kale ekintza. Martxanterak talde feministak antolatuta. San Martin plazan, 19:00etan. Honela azaldu dute ekintza Martxanterek: "Beste urte batzuetan egin izan den moduan, espazio publikoa hartuz ekintza politiko-artistiko bat egingo da herritarrekin batera. Bertan ondo azalduko da zein den helburua eta mezua, baina asmoa da: gorputzak eta irudimena erabiliz indarkeria matxistaren inguruko gogoeta sustatzea, begiradak zorroztea. Jardunaldietatik pentsakor bueltatu ginen, eta ikaspenak herrian lantzeko aukera ere izango da. Indarkeria matxista elkar-gurutzatzen den bestelako indarkeriak irudikatzeko, soka erraldoi bat egingo dugu denon artean eta gero bertan elkar-korapilatuko gara. Hainbat testigantza, testu eta poema entzungo dira bitartean".

-Zineklub zikloa Indarkeriatik haratago, emakumea protagonista zikloa asteazkenetan Seminarixoan 20:00etan:

Azaroak 6. Figuras ocultas.

Azaroak 13. En femme.

Azaroak 20. Custodia compartida.

Azaroak 27. Chicas nuevas 24 horas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak