Santa Zezilia eguna dela eta ekintza ugari antolatu ditu Bergarako Musika Eskolak

Jone Olabarria 2019ko aza. 19a, 10:07

Musikarien eguna den Santa Zezilia eguna ospatzeko ekintza ugari antolatu ditu aste honetan Bergarako Musika Eskolak. Eguenean, hilak 21, kalejira egingo dute eta egubakoitzean, azaroak 22, Musika Airean kontzertu sinfoniko-koral irekia izango da. Emanaldiaren helburu nagusia, Stoltz-Freres organoaren konponketarako dirua batzea da.

Ohitura den bezala, Bergarako Musika Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak kalera irtengo dira aste honetan zehar, azaroaren 22an ospatzen den musikarien egunaren baitan hainbat ekintza prestatu dituzte eta.

Eguenean, hilak 21, arratsaldeko 17:30etan, Gazte bandak, eskolako ikasle guztiekin batera (musika tailerra, hizkuntza musikala, abesbatzak…), musika eskolatik plazaraino kalejira egingo du. Ordu berean trikitilari eta dantzariek herriko kaleetan kalejira egingo dute eta hauek ere plazara joango dira.

Azaldu dutenez, ostean denak plazan elkartu eta ekitaldi txiki bat egingo dute. Gerturatutako guztiei txokolatea banatuko zaie eta musika eskolatik parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, "musikarekin zerikusia dugun guztiontzat egun berezia da eta".

Organoa birgaitzeko kontzertua

Bestalde, Bergarako Musika Eskolak Musika Airean kontzertua antolatu du Santa Zezilia egunerako. Hain zuzen, San Pedro elizako Stoltz-Freres organoaren konponketarako dirua batzea da emanaldiaren helburuetako bat. Kontzertu sinfoniko-koral irekian orkestra sinfonikoak, eskolako abesbatzak, Aritzeta abesbatzak, Bergarako orfeoiak eta herriko hainbat musikarik parte hartuko dute.

Azaroarearen 22an, egubakoitza, arratsaldeko 20:30ean, Santa Marina elizan izango da eta gutxieneko dohaintza 10 eurokoa izango da. Sarrerak salgai daude Bergarako musika eskolako idazkaritzan, Seminarixoan (eguenean, 18:00etatik 20:00etara) eta kontzertua baino ordubete lehenago Santa Marina elizan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak