Torturak, sorginen atxiloketak... Inkisizioarekin lotzen diren gertaerak dira horiek, Kokoxa taldeak bere bigarren antzezlanean, 'Meza beltza' izenekoan, jaso eta irudikatzen dituenak. Atzo estreinatu zuten obra Bergarako Kartzela Zaharrean, eta esan behar da eraikin osoa bihurtu zutela agertoki, ikusleek gune ezberdinetan jarraitu zituzten-eta antzezlaneko pasarteak.
Batez ere bergararrez osatutako Kokoxa taldea urria inguruan hasi zen obrari forma ematen, eta hasieran mikro-antzerki formatuko obrak egitea bazen ere asmoa, azkenean obra oso bat sortu dute, baina zati ezberdinetan banatua. Hala, emanaldi bakoitzaren hasiera eta bukaera ikusle guztiek batera jarraitu arren, erdiko eszenak taldetan banatuta ikusi zituzten.
Formatu horrek mugatu egin zuen emanaldi bakoitzeko ikusle kopurua, 30-40 pertsona funtzioko, eta egon zen ondorioz ikusi gabe geratu zenik. "Oso pozik eta eskertuta gaude izandako harrerarekin, baina pena ere eman digu jendea kanpoan geratu izanak", azaldu dute antzerki taldeko kideek. Hala, aukera izanez gero, ez dute baztertzen aurrerago beste emanaldiren bat egitea.
'Gu' antzezlana, abenduan 19an berriz ere
Duela urtebete jarri zen abian Kokoxa taldea, eta ordutik bi antzezlan sortu dituzte: ekainaren 20an Seminarixoan eskaini zuten Gu eta atzo estreinatu zen Meza beltza. Esan, abenduaren 19an berriz ere taularatuko dutela Gu Seminarixoan.