"Bergara eta inguruko ume eta gazteen artean igeriketa kirola sustatzea", hori da, hain zuzen, Bergarako kirol elkartearen helburua. Lan horretan dabiltza aurtengoan ere, eta 2019-2020 denboraldian 7 eta 28 urte bitarteko Bergara, Antzuola eta Elgetako 80 igerilari ari dira Agorrosinen entrenatzen.
Ohikoa den moduan, aurten ere, lau kategorietan banatuta, benjaminak, alebinak, infantilak eta nagusiak, Gipuzkoako txapelketa eta topaketetan parte hartuko dute. Pasa den asteburuan, hilaren 9an eta 10ean, izan zituzten lehen hitzorduak: "Txapelketa garaia prestatzeko erabiltzen ditugu lehen proba hauek", adierazi du Xabier Labaka entrenatzaileak.
Txapelketetarako lanean
Aurten, Gipuzkoan, 52 ekitalditan parte hartzea aurreikusten dute, eta lortutako markaren arabera lehiaketa ezberdinetan aritu daitezkeela azaldu dute. Adierazi dutenez, 12 urtetik gorako igerilariek igerilekutik kanpo ere parte hartu dezakete, itsaso edo urtegietan.
Asteburu honetan ere hainbat hitzordu dituzte igerilariek: benjaminek lehen txapelketa izango dute Oñatin eta alebinek bigarrena; kasu honetan, Legazpin lehiatuko dira.
Datorren asteburuan, Bergaran
Datorren asteburuan, azaroaren 23an, Agorrosinen izango dute txapelketa, nagusien mailakoa. Txapelketa dela eta zapatu horretan igerilekua itxita egongo da herritarrendako arratsaldean. Denboraldian zehar ere Bergarako igerilekuan hiruzpalau txapelketa ofizial antolatzeko asmoa dutela jakinarazi dute.