Euskal Herriko bikote gazteen 42. Dantza Askatu Txapelketa Domekan iritsiko da Seminarixora, eguerdiko hamabietan. Txapelketa antolatzen duen Bergarako musika eskolak jakinarazi duenez, hamasei bikote lehiatuko dira Bergaran.
Debagoiendarrik gabe
"Hamalau bikote gipuzkoarrak diren arren, Arabako bikote batek ere parte hartuko du, baita Bizkaia-Gipuzkoako beste batek. Debagoieneko bikoterik, baina, ez da egongo txapelketan", adierazi dute musika eskolatik.
Domekako hitzorduan parte hartzen duten 16 urtetik beherako bikoteek fandangoa txistularien laguntzaz eta arin-arina trikitilarien laguntzaz dantzatuko dituzte. Epaimahaia Gipuzkoako Dantzari Biltzarrak izendatutako lau kidek osatuko dute eta lehen bost postuetan sailkatuek sariak eskuratuko dituzte. Horretaz gain, garaikur bereziak ere izango dira: jantzi egokienarentzat eta 12 urte artekoen artean hobeto sailkatutako bikotearentzat ere.