Zientzia jardunaldietan 1.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko aza. 11a, 15:39

Seminarixoa aretoko harmailak, Wolfram Deuneko ikuskizunean.

Amaitu dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak Bergaran, eta Udalaren arabera arrakastatsuak izan dira. Azaldu dutenez, 1.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte urriaren 28an hasi eta atzo, azaroak 10, amaitu ziren jardunaldietan. Aurten 30 bat eragile aritu dira elkarlanean askotariko ekintzak antolatzen.

Aurten inoiz baino lehenago hasi dira jardunaldiak: batetik, hezkuntza eskaintza eskolen egutegiarekin hobeto egokitzeko; eta, bestetik, Donostian DIPCk antolatutako PK4 jardunaldien proposamenari lekua egiteko.

Hala, urrian martxan jarri zen Emakume zientzialarien lehiaketa; Argia piztu: zientziaren sorrera Euskal Herrian aurkezpena; Dudley Hershbach Nobel saridunarekin topaketa; eta DNA moztu-itsatsi eta buala! Zelula transgenikoak sortuko ditugu tailerra, besteak beste.

Esan bezala, ikasleendako antolatutako ekintzek oso harrera ona izan dute, eta parte-hartzea handia izan da. Horrez gain, AEBetako Dudley Herschbach Nobel saridunak eta Maria Veltell kimikari ezagunak oso aurkezpen gertukoa egin zuten ikasleekin eta publikoarekin. Eta aipatzekoa da Hersbachek Donostiako PK4 jardunaldien itxiera ekitaldian Bergaran ekoiztutako bideoa proiektatu zuela osorik eta wolframari eta Bergarari buruzko laudorio ugari bota zituela.

Hasiera arrakastatsu eta parte-hartzaile horren ostean, beste ekitaldi gehienak urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean batu dira, egun gutxiagotan kontzentratuta eta emaitza oso ona izan da: maila eta interes handiko hitzaldi eta ekitaldiak izan dira eta jende asko izan da ekitaldi guztietan. Guztira, 1.000 lagundik gora parte hartu dute antolatutako jardunaldietan.

Ekitaldi jendetsuenak

Ekitaldi jendetsuenak izan dira: Nobel sariaren aurkezpena, jardunaldien inaugurazio ekitaldia, hezkuntza eskaintza eta dinosauroen erakusketa.
Nabarmentzekoa da, baita ere, Elementu Kimikoen Taula Periodikoari buruz Bergaran propio sortutako erakusketak eta unitate didaktikoak jakin-min handia piztu dutela. Unitate didaktikoa landuta dago eta erakusketa zabalik egongo da Laboratorium Museoan martxo bukaera arte. 

Cruz Gallastegiren lanean sakondu egingo da

Egitarautik azpimarratzea komeni den beste ekintza bat izan da Cruz Gallastegi zenaren inguruko hitzaldiak jende ugari batu zuela. Izan zen, modu batean esanda, genetikan aurrekaria izandako bergarar honen lanari buruz ikasteko aukera eta, bide batez, herriak berari egindako onespena. Udalak jakinarazi du Cruz Gallastegi zenaren inguruko ekintza gehiago egingo direla.

ZTB jardunaldietan gero eta garrantzia handiagoa dauka emakumearen paperak: hala, aurten Kontatu gabeko emakumeak Artearen Historian tailerra egin da eta baita ere Emakume zientzialarien inguruko lehiaketa.
Wolfram Encounter bideo-joko lehiaketari dagokionez, aurten kokagune aldaketa izan du; Zabalotegi aretora pasa da eta egun bakarrean egin dira torneoak. Emaitza ona izan da eta parte-hartzaileek eskertu dute.

Ezin da ahaztu, ezta ere, ZTBren hastapenetatik lankidetzan dabiltzan elkarte eta erakundeez gain, urtez urte gehiago batzen dabiltzala; eta aurten ia 30 izan dira parte hartu dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak