Maila nagusiko hamabi eskalatzaile onenek, sei emakume eta sei gizonezko, lehiatu dute Overall formatuan.
Hiru proba
Abiadurako finalarekin ekin diote egunari eta Alejandro Crespori irabazita, Mikel Linazisoro izan da onena, 7 segundo eta 84 ehuneneko denbora eginda. Emakumeetan, Ana Belen Argudo izan da azkarrena, 10 segundo eta 65 ehuneneko denborarekin.
Blokeko diziplina izan da jokatu duten bigarren proba, non zailtasun handiko hiru bloke gainditu behar izan dituzten eskalatzaileek. Bittor Esparta bizkaitarra izan da hiru blokeak kateatu dituen bakarra; Bergarakoak bi bloke kateatu ditu eta hirugarren postua lortu du. Emakumeetan, Rut Casas kataluniarra izan da onena.
Eguna amaitzeko, zailtasun diziplina jarri dute jokoan, eta gizonezkoetan, inork ez du top-a egiterik lortu; emakumeetan, berriz, Antia Freitas izan da azkeneraino iritsi den bakarra.
Hori horrela, emaitza guztiak kontutan hartuta, Mikel Linazisoro izan da Overall formatuko irabazlea; Alberto Ginések eta Bittor Espartak osatu dute podiuma. Emakumeetan, Ana Belen Argudo izan da irabazlea, eta Rut Casas eta Antia Freitas izan ditu hurrenez-hurren alboan.