"Besteak beste, Matxiategin eta bidegorriko hainbat tokitan zuhaitzak lurrera bota ditu eta Usondo parkean ere arrama asko apurtu ditu; hori dela-eta parke guztiak itxita ditugu gaur. Horrez gainera, zaborretako eduki-ontzietako tapa asko ere lurrean agertu dira eta baita etxe askotako loreontziak eta toldoak ere. Kalteak izan diren tokietan hesiak jarri ditugu. Zorionez kalte materialak izan dira bakarrik", azaldu du Bergarako Udaltzaingotik.
Arrasaten, kalte txikiak
Bereziki Garibai etorbidean eta Araba etorbidean eragin ditu haizeak kalteak, hala adierazi dute Arrasateko Udaltzaingotik: "Garibai etorbidean zuhaitz bat lurrera bota du eta baita Adierazpen Libreko Guneko egitura metalikoa ere. Handik gertu dagoen Saiolan eraikinaren alboko kalea –Zerrajera kalea eta Araba Etorbidea lotzen dituena– itxi egin dugu, haizeak hesiak mugitu dituelako eta oinezkoei arriskurik ez eragiteko. Horrez gainera, Araba Etorbidean egiten ari diren obren inguruan hainbat arazo izan dira; izan ere, obretako hesiak bide erdian agertu dira, baina txukundu dugu dagoeneko. Zabor ontzi asko ere non-nahi agertu dira. Era berean, Udala auzoan Iberdrolako kableak bota ditu eta laster konponduko dute, baina ez dago arazorik".