Bibotea utzi eta enkantean saltzeko gonbita Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 31a, 10:39

2018ko azaroaren 30ean Irala kalean egindako enkantea. Argazkia: Jon Andueza

Azaroaren 7tik 30era sei ekitaldi antolatu ditu Movember Gara ekimenak; hilaren 30ean biboteen enkantea egingo dute Irala kalean, eta aurten berritasuna nagusia da urte luzez eroan duen bergarar ezagun bati bibotea kenduko diotela gero enkantean saltzeko.

Hirugarren urtea biziko du aurten MovemBer Gara ekimenak Bergaran. Helburu nagusia da prostatako eta barrabiletako minbiziari ikusgarritasuna ematea eta, horrekin batera, gaitz horri aurre egiteko ikerketarako dirua batzea. Iaz, esaterako, 1.600 euro batu zituzten Bergaran, eta Arrasateko Mondravemberkoekin batera Cic Bioguneko Arkaitz Carracedo ikerlariaren laborategira bideratu zuten dirua –ikus 12. orria–; guztira, 3.800 euro bideratu ziren.

"Bibote mitiko bat kenduko dugu"

Azaroaren 30ean borobilduko dute egitaraua, egun osoko festa batekin. Eta, iaz moduan, ez da faltako biboteen enkante publikoa. "Irala kalean egingo dugu aurten ere. Partaideen bibote bakoitza enkantera aterako dugu. Bibotea duenaren senitartekoren batek, lagun batek edo gertukoren batek diru kopuru bat jartzen du bibote horregatik. Iaz, adibidez, nire amak hamar euro jarri zituen nire biboteagatik eta gero berak kendu zidan", esan du MovemBer Gara ekimeneko sustatzaile Joxu Aranak.

Urtez urte berrikuntzaren bat sartzen dute egitarauan eta aurtengo edizioa ez da salbuespena izango: "Dakizuenez, MovemBer Gara osatzen dugunok azaroan bakarrik uzten dugu bibotea. Ez dugu urte osoan zehar biboterik eramaten. Baina aurten, azken eguneko enkantean, Bergarako bibote mitiko bat kendu eta enkantean jarriko dugu. Iñigo Zaitegiren bibotea izan daiteke, edo Aitor Erañarena, edo Duni Olabarriarena... Auskalo. Erabaki dugu zein izango den, lotuta dago. Baina azken unera arte gorde nahi dugu sorpresa", gaineratu du Aranak.

Arana: "Bergarako bibote mitiko bat kendu eta enkantean jarriko dugu. Iñigo Zaitegiren bibotea izan daiteke, edo Aitor Erañarena, edo Duni Olabarriarena... Auskalo. Erabaki dugu zein izango den, lotuta dago. Baina azken unera arte gorde nahi dugu sorpresa"

Iaz 132 bibote izan ziren

Urtez urte handitzen doan "familia" da NovemBer Gara-rena: "Iaz 132 lagun batu ginen eta seguruenik aurten gehiago izango garela. Azaroa pasatu eta jasotako dirua nora bideratzen dugun argitaratu ostean lozorroan egoten gara hurrengo urteko azarora arte. Iaz azaroko lehen astean jende berri asko batu zen ekimenera; espero dugu aurten ere halako zerbait gertatzea", adierazi du Aranak.

Iazko enkantean 310 euro lortu ziren

Iaz Iralan egindako biboteen enkantea oso arrakastatsua izan zen. 60 bibote moztu eta saldu zituzten, bost euroko hasierako prezioarekin. Lehiaren bat edo beste egon ostean, 310 euro lortu ziren enkantean; azaro osoan zehar 1.600 euro batu zituzten guztira. Antolatzaileek espero dute aurten diru gehiago batzea.

MovemBer Gara 2019: egitaraua

Iazko dirua Arkaitz Carracedok gidatzen duen ikerketara bideratu ostean, Carracedok hitzaldia emango du Seminarixoa aretoan. Antolatzaileek hitzaldi "oso interesgarria" izango dela aurreratu dute.

Azaroaren 7a, eguena • Arratsaldean zehar Pintxo-bibotea, herriko tabernetan zehar.

Azaroaren 13a, eguaztena • 18:30 San Joxepe elkartean, barne medikuntzako espezialista Gurutze Orberen hitzaldia: Gizonezkoen ohiko gaixotasunak.

Azaroaren 16a, zapatua • 12:30 Familian gozatzeko eta musikaz girotutako festa egingo dute Elorregin.

Azaroaren 22a, egubakoitza • 19:30 Spinning eta gimnasia saioa Agorrosinen, Azkaiter Pelox Band taldearen zuzeneko musikarekin.

Azaroaren 26a, martitzena • 19:00 Hitzaldia Seminarixoa aretoan, CIC Bioguneko ikertzaile Arkaitz Carracedoren eskutik: El pasado y futuro del cáncer.

Azaroaren 30a, zapatua: MovemBer Gara Eguna • Egun osoan zehar Mendi buelta, zuzeneko musikaz girotutako poteoa, biboteen enkantea, bazkaria eta kontzertua.

Oharra: Azaroan zehar, Pepelu eta Diego Valor ile-apaindegietan biboteak dotoretuko dira bost euroren truke, eta jasotako dirua MovemBer Gara ekimenera bideratuko da. Tabernetan ere dirua batzeko itsulapikoak jarriko dituzte. Azaroaren 30erako kamisetak eta txapak ere jarriko dituzte salgai. Antolakuntzak dei egiten die herriko gizonei ekimenean parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak