Hauteskunde sindikalak
ELAk Errasmodel enpresan hauteskunde sindikalak egin zirenean gertatutakoa azaldu du: "Langileen gehiengoak demokratikoki erabaki zuen zein izango zen lau urtetan enpresako ordezkaria, ELAak aurkeztutako hautagaia, hain zuzen. Baina, zuzendaritza hauteskunde horiek oztopatu nahian aritu zen, guk, sindikatutik aurkeztutako hautagaia kaleratuz esate baterako eta gerora, beste lau pertsona kaleratu dituzte". Horrekin batera, sindikatutik "zuzendaritzak kaleratze ia gehienetan onartu du arrazoi gabekoak izan zirela, baina kasualitatea handiegia da, guztiak zuzendaritzak proposatutako hautagaiari ez ziotela beraien bozka eman" azaldu dute.
"Giro nahasia" enpresan
Sindikatuak adierazi du, kaleratzeak gertatu direnetik enpresako "giroa nahasia" dagoela. Horrekin batera, "zuzendaritzaren obsesio bihurtu da delegatu sindikala kentzea eta dagoeneko horretarako prozedura martxan jarri du" aitortu du ELAk, honakoa gehituz: "Arrazoi bakar bat ere eman gabe ordezkari sindikala kargutik kendu nahi dute. Langileen lan baldintzak hobetzeko ez omen dago dirurik, baina prozedura martxan jartzeko abokatua kontratatzeko bai". Eta horren harira, "XXI. mendean, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresariak daude" azaldu du.