Atzerapenarekin bada ere, azaroaren 4an hasiko dituzte Labegaraietako kiroldegia handitzeko lanak. Uztailaren 17an esleitu zituen lanak alkateak dekretuz, baina lanen hasiera atzeratu egin da, Gobernuaren esanetan Udalak Jaurlaritzaren lur kutsatuen baimenaren zain egon behar izan duelako.
Lanak Construcciones Artzamendi SA enpresak egingo ditu eta aurrekontua 948.640 eurokoa da –BEZa barne–; sei hilabete iraungo dute. Diputazioak 2019rako eta 2020rako ia 600.000 euroko diru-laguntza bideratu zuen lan hauetarako.
Afekzio txikienaren bila
Astelehenean hasiko dituzten lanekin eraikin berri bat egitea da helburu nagusia, gaur egungoari itsatsita. Eraikin berri horretan honako gune hauek izango dira: aldagela bikoitzen hiru talde, bi komun, biltegi bat eta piraguismorako lokal bat. Udalak kiroldegi inguruko atarietan obren berri emateko oharrak jarriko ditu, eta ahaleginduko da bizilagunengan ahalik eta eragin txikiena sortzen.