Itsas-zeharkaldietan bikain aritu ostean, denboraldiari ekiteko gertu

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 25a, 12:09

Puntua aldizkarian mota guztietako edukiak kaleratzen ditugu astero, eta honakoa da horietako bat. Gaurko zenbakian, Ion Mugika igerilari bergararra da kirolen ataleko protagonista, sasoi betean dagoela erakutsi du-eta uda honetan. Asteburuan ekingo dio denboraldiari. Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

Urri hasieran Zierbenan jokatutako Galipa Swim proba irabazi du Ion Mugika igerilari bergararrak, itsas zeharkaldien denboraldiko azkena, eta 2 kilometroko ibilbidea duena. "Anaia triatloietan ibiltzen da, eta, hark proba hori egiteko gogoa zeukanez, biok joan ginen. Disfrutatzera joan nintzen, baina, azkenean, irabazi egin dut. Oro har, lasterketan ez da maila handirik egon, baina bigarren eta hirugarren sailkatu direnak oso maila oneko igerilariak izan dira. Bigarren sailkatuak, adibidez, 1.500 metroko lasterketak egiten ditu igerilekuan, Espainia mailan. Beraz, ez da erraza izan lehen postua eskuratzea".

Irail bukaeran, Deban bi zeharkaldi egoten dira, bata Mutriku-Deba, 3 kilometrokoa, eta bestea Saturraran-Deba, 6 kilometrokoa, eta bigarren hori ere irabazi zuen bergararrak.

Biak ala biak lasterketa kuttunak ditu Mugikak. Izan ere, Zierbenako proban bi aldiz hartu du parte eta bietan irabazi du eta Debakoan, aldiz, sei ediziotatik bost irabazi ditu; parte hartu duen guztietan. "Lehenengoan ez nuen parte, tinpanoko arazoekin nenbilelako, baina gainontzeko guztiak nik irabazi ditut. Beraz, pozik nago".

Horrez gain, beste itsas zeharkaldi bat ere egin du aurtengo udan Mugikak, Donostiakoa, eta hor hirugarren sailkatu da.

Igerilekuko denboraldia, hastear

Itsasoa, halere, aisialdi moduan dauka; izan ere, igerilekuko denboraldian zentratzen da gehien. "Itsasoa zaletasuna da niretzat, eta igerilekutik deskonektatzeko erabiltzen dut. Baina egia da entrenamendu modura ere balio didala", dio. Hain zuzen, denboraldiaurreko entrenamenduekin hasi da dagoeneko, eta bihar, zapatua, edukiko du denboraldiko lehenengo txapelketa, Irunen, Gipuzkoako ligaren baitakoa. "Denboraldi guztian zehar egiten ditugu horrelako txapelketak, jendeak lehiatzeko aukera izan dezan eta proba garrantzitsuetarako marka minimoak lortzeko. Askok entrenamendu modura ere hartzen dituzte txapelketa hauek", azaldu du.

Azaroko lehen asteburuan, probintzia arteko txapelketa daukate, Bizkaiko eta Gipuzkoako igerilarien artean, absolutu mailan. "Hemendik Gabonak arte ez dugu atseden hartzeko denborarik ere izango".

Hitzordu garrantzitsuak, ate-joka

Behin denboraldia hasita, laster izango dituzte lehenengo hitzordu garrantzitsuak Azaroaren 14an, esaterako, Espainiako Txapelketa hasiko dute, igerileku motzekoa. "Hau ere prestaketa moduan hartzen dugu. Izan ere, oso goiz da intentsitate handia sartzeko. Nire maila ematen badut, podiumaren lehian ibiltzeko moduan izango naiz". Abendu hasieran, kluben arteko Euskal Herriko Kopa izango dute – igerileku luzean–, eta, abendu bukaeran, kluben arteko Espainiako Kopa lehiatzea tokatuko zaie, igerileku luzekoa. "Klubarendako hau da txapelketarik garrantzitsuena; beraz, ondo prestatzea komeni izaten zaigu, ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko".

Bidasoa 21 klubean ari da bergararra, eta Espainiako liga gorenean lehiatzen da, Ohorezko Mailan, hain zuzen. Estatuko zortzi talderik onenak daude liga honetan. Lehen Maila dago gero, eta hor beste zortzi talde daude, eta Bigarren Mailan beste zortzi.

Bi modalitatetan espezialista

Normalean, Espainia mailan, bizkar-estiloko igeriketan aritzen da, hiru distantziatan: 50, 100 eta 200 metroko lasterketetan. Horrez gain, lau estiloak batzen dituen modalitatean ere aritzen da, 100 eta 200 metroko lasterketetan –estilo librea, bizkar-estiloko igeriketa, bular-estiloko igeriketa eta tximeleta estiloa–. 

Egin zaitez bazkide

Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak