Hogeigarren aldiz egiten aritu dira hilabete honetan Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa. Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek Fray Joseph de Echevarria Organoaren Adiskideen Elkartearekin elkarlanean antolatzen duten ekimena da honako hau. Aurten, urriaren 5ean hasi zuten kontzertu sasoia eta bihar, zapatua, emango diote amaiera Santa Marina parrokian.
Hain zuzen ere, bihar, urriaren 26ean, 19:00etan, organo ikasleen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, tartean bi bergarar direla: Leo Juaristi eta Elena Laka. Biek ala biek zortzi urte inguru daramatzate Bergarako Organo Eskolan ikasle; ia hasieratik. Lakak pieza "nahiko garaikidea" joko du, O. Messiaen konpositore frantsesak 1932. urtean sortutako L'apparittion de l'eglise eternelle. Juaristik, aldiz, pieza "erromantikoagoa" interpretatuko du, Louise Vierneren Bigarren sinfonia izenekoa.
Instrumentu "exijentea"
Lakak adierazi duenez "etxean jotzea beti da pozgarria". Zapa-tuko kontzertua prestatzen "ordu asko" eman dituztela aitortu du eta gogorarazi du organoa instrumentu "oso exijentea" dela: "Bi eskuak eta bi hankak behar dituzu instrumentua jotzeko eta hiru pentagrama batera irakurri behar dituzu".
Pieza bereziak entzungai
Nazioarteko organista handiekin alderatuta "haien anaia txikiak" direla adierazi du Lakak, baina, hain zuzen, "horiek dira jende gehien erakartzen duten hitzorduak, baita abesbatzekin batera egiten diren emanaldiak". Biharko kontzertuaz galdetuta, "gogotsu" agertu dira: "Oso programa interesgarria izan du aurten Nazioarteko Organo Zikloak. Ikasleon artean ere, nire ikaskide Leo Juaristik pieza bereziki zorrotza joko du, eta, zalantza barik, entzutea merezi duena. Oso arraroa da, aukera gutxi egoten dira halako obrez gozatzeko".
Herritarren gustukoa
Programa "betea eta denon gustukoa izango dena" antolatu nahi izan zuten Bergarako Udalak, Azkoitiko Udalak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean. Hala adierazi zuten zikloaren aurkezpen saioan antolatzaileek: "Organoa balioan jartzeaz gain, belaunaldi berriei ere gertura-tu nahi diegu instrumentua". Helburu horrekin, hain zuzen, ekartzen dituzte nazioarteko organo-jole handiak kontzertuak egitera".