Alatz Etxebarriarteun: "Polita litzateke berriz ere igoera fasera iristea"

Jone Olabarria 2019ko urr. 26a, 09:44

Bi partidu jokatu ditu denboraldi berrian Lehen territorial Mailako mutilen eskubaloi taldeak. Bat galdu eta bestea berdinduta, "oinarri sendoekin" lanean aritzeko "oso gogotsu" agertu dira, baita, iaz egin bezala, igoera fasean lehiatzeko ere.

Urriaren 5ean ekin zion denboraldiari Bergarako eskubaloiko Lehen Territorial Mailako taldeak. Ordutik hona, bi partidu jokatu dituzte eta, emaitzak espero baino "okerragoak" izan diren arren, aurtengo oinarria "sendoagotuago" dagoela adierazi du Alatz Etxebarriarteun kapitainak: "Lehenengo partidua nahiko ondo hasi genuen, defentsaren lana ona izan zen, baina azken zatian ez genuen jakin jokoa mantentzen. Bigarren partiduan, aldiz, ez ginen hain fin aritu. Dena den, aurreko denboraldiarekin alderatuz gero, taldea sendoago dago; iaz, kontzeptu batzuk barneratzea falta zen. Oraingo oinarria hobea da".

Taldeari dagokionez, aldaketa gutxi izan dituztela azaldu du kapitainak, eta aitortu duenez, liga "gogorra" izatea espero dute: "Partiduro puntuak ateratzen saiatu behar dugu. Ez gara inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Soberan dakigu gauzak ondo egiten ez baditugu edozein talderen aurka galtzeko arriskua dugula".

Iazkoa errepikatzea helburu

Denboraldi batek gorabehera ugari izan ditzakeela gogorarazi du Etxebarriarteunek; horren adibide da iaz taldeak egindako ibilbidea: "Lehenengo partiduak galduz hasi ginen, ez ginen oso fin ibili eta ez genuen puntu askorik ateratzea lortu. Nahiko beheko postuetan ibili ginen lehen bueltan. Gero, baina, lan handiarekin eta gauzak ondo eginda, igoera fasera heldu ginen".

Hain zuzen, hemendik aurrerako helburuez galdetuta berriz ere lehen postuetara iritsi eta igoera fasean lehiatzea "polita" izango litzatekeela aitortu du taldeko kapitainak.

Asteburuan Ordiziaren aurka

Gaur, zapatua, Ordiziaren aurka jokatuko dute, Labegaraietan, arratsaldeko lauretan. "Partidu guztietan egiten dugun moduan, dena ematera joango gara, taktikoki gure kontzeptuak argi ditugu eta nahiko berdintsu mantentzen ditugu beti. Denboraldi-aurrean Ordiziaren aurka jokatu eta irabazi egin genuen, baina ezin gara fidatu. Intentsitatea markatu eta akatsik ez egitea izango da partiduaren gakoa, betiere, taldearengan konfiantza osoa jarrita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak