Zapatuan "txupinazoa", urteurrenari ekin aurretik
Txapa irratiak antolatuta, urriaren 26ko jaialdia 35. urteurreneko "txupinazoa" izango da:
-Botibol: talde frantziarrak disko berria kaleratu du eta zuzenean aurkeztera datoz. La Fièvre Golby Botibol ezizenarekin ezagutzen dugun Vincent Bestaven artistaren hirugarren lan luzea da hau.
-Pelax: Disko berria plazaratu du Unai Pelayo musikariak gidatzen duen Pelax talde Donostiarrak. A, B, D eta E aldeak barnebiltzen dituen disko bikoitz berezia aurkeztuko dute.
-Joseba Irazoki eta Lagunak: Joseba Irazoki eta Lagunak Joseba Irazoki artista polifazetikoak bere musikari lagun hurkoenekin batera dakarkigun proposamena da. Bere azken lana kaleratu berri du Zu al zara?, Bidehuts zigiluarekin.
Azaroa bete ekintza
Azaroan zehar hainbat ekintza prestatu dituzte, eta honako gonbidatuak izango dira kartzela zaharrean:
Azaroaren 10ean, domeka eguerdian, bermut flamenkoa antolatu dute, eta egun horretan aurkeztuko dute 2019-2020 ikasturteko parrilla: "Uhinetan 35 urte daramatzagula ospatzeko Aitor Escobar arrasatearra izango da bere flamenko eta artea erakusten".
Urteurrenarekin jarraituz, azaroaren 22an Arrosa Irrati Sareko irratiek elkarlanean ekoizten duten Zebrabidea magazinea kartzela zaharrean egingo da. 16:00etan hasita, bi orduz, irratsaioa zuzenean ikusteko aukera izango da sarrera irekia izango baita.
Txapa irratian ibili direnen bazkarian izena emateko: kartzela zaharrera jo, 943 76 46 46 telefono zenbakira deitu edo txapa35urte@gmail.com helbide elektronikora idatzi.
Bazkaria 35 urteotan egon direnekin batera
Hurrengo egunean, azaroaren 23an, 35 urte horietan irratian ibilitako lagunekin bazkaria egingo dute herriko elkarte batean. Izena eman nahi duenak, kartzela zaharrean bertan izena emateko aukera izango du, edo 943 76 46 46 telefonora edo txapa35urte@gmail.com helbide elektronikoan egin ahalko du.
'Egubakoitzak berreskuratzen' ekimena urriaren 25ean itzuliko da
Egubakoitzetan kultura zita bat proposatzea helburu duen Egubakoitzak Berreskuratzen kolektiboaren kontzertuak itzuliko dira. Oraingoan MICE eta Iker Martinez izango dira:
MICE, Miren Narbaiza eibartarraren proiektua da. Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero bere bakarkako bideari ekin dio. Oraingo honetan bikote moduan aurkeztuko du disko berria, Joseba B. Lenoirrekin batera.
Iker Martinez de Zuazo oñatiarra, Latzen, Amonal edo Potemkin taldeetan gitarra jo ondoren, 2016tik bere konposizioak egiten hasi eta 2017an disko bat atera zuen Itzalen Mundua izenekoa.
Dynamo zineklubaren azaroko eskaintza, irratiari lotuta
Dynamo Zineklubeko lagunek omenaldi txiki bat egin nahi izan diote Txapa Irratiari urteurren honetan, eta hilabete osoan zehar, eguaztenetan, irratiarekin lotutako filmak ikusteko aukera izango da 21:00etatik aurrera.
Ikusgai izango diren pelikulak:
Azaroak 6 Radio encubierta (The Boat that Rocked, 2009, Erresuma Batua))
Ingalaterra, 1960ko hamarkada. “Rock Radio” izeneko irratiaren istorioa kontatzen du. 1966.urtean, BBCk, rock and rolla astean bi orduz besterik ez zuen eskaintzen, eta “Rock” irratia 25 millioi entzule izatera heldu zen egunero 24 orduz, oraindik guztiz onartu gabe zeuden, rocka eta popa eskainiz .
Zuzendaria: Richard Curtis
Iraupena: 129 min
Hizkuntza: Gaztelera
Azaroak 13 LT22 Radio La Colifata (2007, Argentina)
Buenos Aires hiriko Borda Ospitale Psikiatrikoko erabiltzaileek egindako irratiaren inguruko dokumentala. Larunbatetan, ospitaleko lorategietan, “LT22 Radio La Colifata” izeneko emisioa hasten da. Hitza, aspaldi ukaturik izan duten “zoroek” berreskuratzeko balio izan duen irrati saioa. La Colifatak, gaixo mentalak munduarengandik banatzen dituen oztopoak gainditzeko balio duen erreminta moduan erabiltzen du irratia.
Zuzendaria: Carlos Larrondo
Iraupena: 94 min
Hizkuntza: Gaztelera
Azaroak 20 Radio Favela (uma onda no ar, 2002 Brasil)
Gertaera errealetan oinarritua, “Uma onda no ar” izeneko irratiaren istorioa kontatzen du. Irrati hau Belo Horizonte favelatan sortu zen 80. hamarkadan, auzo txiroenetako errealitateari ahotsa emateko.
Zuzendaria: Helvecio Ratton
Iraupena:92 min
Hizkuntza: Gaztelera
Azaroak 27 Rebelion en las ondas (Pump up the volume, 1990 A.E.B.)
Mark, New Yorkeko gazte lotsati bat da eta bere jaioterritik Arizonara lekualdatzerakoan, bertako eskolaren arau kontserbadoreetara moldatzen zailtasun handiak ditu. Inork ezer jakin gabe, gaueko irrati pirata bat sortzea erabakitzen du. Mikrofonoa arma gisa hartuta, Mark ikasleengan eragiten hasiko da hauek asaldatuz.
Zuzendaria: Allan Moyle
Iraupena: 102 min
Hizkuntza: Ingelesa (azpidatziak gazteleraz)