Irailaren 11an taldea aurkeztu eta azken asteotan saretzen eta formazioa jasotzen ibili ostean, gaur goizean Bergarako Irizar Jauregian egindako batzar informatiboarekin eta geroko aisialdi ekintzekin aro berri bati eman dio hasiera Lubaki Langile Elkartasun Sareak.
Kideen esanetan, Lubakiren helburua da bizi baldintzak hobetzeko langileria antolatzea, eta gaurko batzar informatiboan proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiete bertaratu direnei, baita oraingoz martxan dauden lantaldeen – etxebizitza lantaldea, lan arlokoa eta generoarekin lotuta– inguruko informazioa eman ere.
50 pertsona izan dira batzarrean, gehiengoa gazteak. Lubakiko kideek baina, praktika politikoarekin gizarteko beste sektore batzuetara heltzeko asmoa agertu dute. Batzarraren ostean, luntxa izan dute Kartzela zaharrean, aisialdiko espazioekin ere komunitatea sortu asmoz.
"Orain arte sarea osatzen, oinarriak jartzen ibili gara", azaldu du Lubakiko kide Aitor Kortabarriak, eta aurrerantzean ekintzetara pasatzeko asmoa dutela gaineratu: "Etxegabetze bat badago, horren kontra borroka egingo dugu; gauza bera langileren bate baldintzak kaxkarrak direla jakiten badugu".