Fernando Cobos: "Dena ematera irtengo naiz, ez dago aitzakiarik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 19a, 08:45

Cobos Asturiasko proban, urtarrilean. Argazkia: Leire Ziarreta.

Lehiatzen jarraitzeko gogotsu dago oraindik ere aspalditik Bergaran bizi den Fernando Cobos (Beasain, 1959), Pol-Pol taldeko txakur kros korrikalaria. Chevatogne-n (Belgika) dago martitzena ezkero, bertan jokatuko duelako zapatuan eta domekan Europako txakur kros txapelketa. Beste bi euskaldunekin batera joan da Belgikara, Kimetz eta Iurgi Etxaberekin batera.

Belgikan jokatuko den Europako txakur kros txapelketan lehiatuko da Cobos gaur, urriak 19, eta etzi, urriak 20, beteranoen mailan: "Motza eta azkarra izango da; lehen bosten artean amaitzea da helburua".

Belgikan zaude martitzena ezkero. Zertarako joan zinen horren goiz?

Proba ahalik eta ondoen prestatzeko asmoz etorri gara, zirkuitua ondo ezagutu nahi genuelako. Normalean, hala egiten dut kanpora natorrenean, lasterketa baino lau egun lehenago etorri ohi naiz. Europako txapelketarako probak zapatuan eta domekan izango dira eta nire helburua da nire modalitatean [Master 3] lehen bosten artean amaitzea.

Ze proba izango dira, zehazki?

Bi lasterketa dira, eta bakoitzak bost kilometro eta 400 metro izango ditu. Beraz, oso motzak eta azkarrak izango dira; hasieratik bukaerara, dena ematera. Helburua ziurtatzeko, kilometroa hiru minutu eta hamar segundoren bueltan egin beharko dut. Baina denok izango dugu eragozpen aipagarri bat: azken egunotan euria etengabe ari du hemen [Belgika] eta zirkuitua lokatzez beteta egongo da. Horrek asko atzeratuko du buruan ditugun denborak egitea.

Europako txapelketa bukatutakoan ez da ezer amaitzen zuretzat, ezta?

Orduan hasiko da nire denboraldia, txakur krosa neguko kirola da eta. Azaroan hasiko da eta martxoan bukatu, lurrean zein elurrean. Espainiako txapelketa barruko probak izango ditut martxora bitartean, lasterketa bat bestearen atzetik.

Kimetz eta Iurgi Etxaberekin batera joan zara. Nola ikusten dituzu?

Bereziki, Kimetz ikusten dut indartsu; baldintza normaletan, kilometroa egiteko hiru minutu baino gutxiago behar izaten ditu, eta uste dut podiuma egingo duela junior mailan.

Nola joan dira zure azken probak?

Espainiako txapelketako proba puntuagarrietan ondo ibili naiz, bestela ez ninduten-eta Europako txapelketarako aukeratuko. Beraz, azken lasterketetan eman dudan mailarekin gustura nago.

Kirol gutxitua denik zalantzarik ez. Badago Pol-Polen zure bidea jarraituko duen txakur kros zalerik?

Oraingoz, bakarrik nago. Pol-Pol barruan neguko kirolen adarra irten zenean aprobetxatu nuen federatu moduan lehiatzeko. Duela zazpi urte hasi ginen horrela, baina orain, bakarrik nago.

Noiz arte jarraituko duzu lehiatzen?

Txakurkume bat prestatzen ari naiz oraindik, eta, beraz, gogotsu nago jarraitzeko. Belgikan Rai-rekin ibiliko naiz; txakurra Bergaran ondo prestatzeko hamar gradu gutxiago beharko nituen, giro beroegia egin du. Suediarrek eta finlandiarrek ez dute arazo hori izango... baina ez dago aitzakiarik; hasieratik dena ematera irtengo naiz, eta ea helburua lortzen dudan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak