Bana berdindu dute Bergarak eta Euskaldunak, Agorrosinen

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 12a, 19:44

Bergarako jokalaria Euskalduna taldeko beste bati baloia kendu nahian.

Mahoneroek egin dute lehenengo gola. Atsedenaldira joan aurreko minutuetan izan da. Bigarren zatian, ordea, berdintzea lortu dute andoaindarrek. Bosgarren jardunaldiaren ostean sailkapeneko azken postuan daude bergararrak.

Bazirudien gaurkoan baietz, Bergarak lortuko zuela garaipenen laukia estreinatzea, baina ez da horrela izan. Oso nahasia izan den lehen zatiaren amaieran falta egin diote Bergarari Euskaldunaren area inguruan, eta horrela lortu dute lehen gola mahoneroek. Ibai Leizeagak egin du eta nabarmen ospatu dute Jose Jabier Barkeroren mutilek. 44. minutuan izan da, eta berehala etorri da atsedena.

Itzuleran bestelako jarrera erakutsi dute talde biek. Asko zegoen jokoan, eta ez batzuk ez besteek ez zeuden garaipenari ihes egiten uzteko prest. Bizkortu egin da jokoa, sarrerak ere bestelakoak izan dira, eta Bergarako taldearen akats baten ondorioz iritsi da Euskalduna taldearen berdinketaren gola. Joanes Iturrartek egin du 67. minutuan.

Aldapan gora jarri da orduan norgehiagoka etxekoendako. Puntuak lortzea ezinbestekoa dute sailkapeneko azken postuetatik irteteko, eta garaipenak lortzen hasi beharra dute. Gaurkoan, ordea, ez da posible izan. "Konfiantza puntu bat falta zaigu, eta garaipen batek ekarriko digu hori", azaldu du Jose Jabier Barkero entrenatzaileak norgehiagoka amaieran. "Nire ustez gaur irabaztea merezi genuen. Pozik nago mutilek egindako lanarekin, eta ziur nago horrela jarraituta lortuko dugula maila mantentzea".

Gaurko berdinketarekin sailkapeneko azken postuan kokatzen da, oraingoz, Bergara. Bosgarren jardunaldia amaitzeko partidu bakarra gelditzen da, Aretxabaletak eta Ordiziak bihar Ibarran jokatuko dutena.

Mondrak 1-3 irabazi du Touring taldearen aurka gaur Errenterian jokatu duen norgehiagoka.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak