Tarteka haize apur batek jotzen badu ere giro ederra da gaur Elosu inguruan. Aurten ere ondo antolatu dira auzotarrak eta Bergarako udaltzaingoaren laguntzarekin ez da ez zirkulazio ez aparkaleku arazorik. Esan beharra dago autobus zerbitzua ere bere lana egiten ari dela. Asko dira Elosura igotzeko zerbitzu publikoa aukeratu dutenak eta oinez animatu direnak ere bai.
Goizean, artisauak eta bertako produktuen saltzaileak izango dira; ogi, gozogile, gazta, ezti, perretxiko eta askotariko elikagaiak batuko dira plazan, eta beheko zelaian bestelako postuak egongo dira.
11:00etatik 14:00etara, umeendako puzgarriak jarriko dituzte frontoi inguruan eta trikiti doinuek girotu dute hamarretakoa; Laja II.a eta Lurtxurdi aritu dira fandango, arin arin, kalejira eta bestelako piezak eskaintzen. Ondoren, bertsolarien txanda izan da eta Julio Sotok eta Iban Urdangarinek hartu dute lekukoa.
Hirugarren urtez jarrian, labeldun txahala ere erre dute Elosun. Aitzerra baserrian hazitako txahala erre dute eta bi euroko prezioan saldu dituzte pintxoak. Esan beharra dago harrera oso ona izan dutela pintxo horiek.
Arratsaldean gehiago
Bazkalondoren, Soto eta Urdangarin bertsolariek kantatuko dute berriro. 17:30ean, herri kirolen erakustaldia hasiko dute. Aizkoran, Otano eta Mugertza aurrez aurre arituko dira hiru lanetan: 60 ontzako enborrarekin, enbor bat azkarrago nork ebaki eta sei enbor nork lehenago ebaki.
Ondoren, Goenatxo III.a harrijasotzailearen txanda izango da: 175 kiloko errektangularrarekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko borobilarekin arituko da.
Kirolen tartea amaitutakoan, Laja II.ak eta Kutxurdiok erromeria giroa jarriko dute.