Esandako moduan, hirugarren urtez jarraian bertako labeldun txahala erreko da. Aurten Aitzerra baserrian hazitako txahala izango da erreko dutena; iaz Agerreko Balentinenaren baserrikoa izan zen eta 2017an Bentaosteko baserriko Marijoserena. Harrera ona izaten du; aurten ere 1.200 pintxo inguru ateratzea espero dute, eta pintxo bakoitza bi eurotan salduko dute. Erretzailea Karlos Ibarrondo elorrioarra izango da aurten ere, aurreko egunean, 22:00ak aldera, hasiko da lanean eguerdirako txahala eskaini ahal izateko.
Ohiko postuak
Plazan urtero antzera etorriko dira artisauak eta genero saltzaileak; ogi, gozogile, gazta, ezti, perretxiko eta askotariko elikagaiak batuko dira plazan, eta beheko zelaian bestelako postuak egongo dira. Umeendako puzgarriak ere izango dira.
Diru-laguntza nahikorik ez
Auzo alkatearen arabera, Udalaren partetik jasotako diru laguntza ez da nahikoa izango. "Aparkalekuak, postuek eta eskaintzen ditugun mokaduek osatzen dute gure finantziazioa. Gaur egungo feriaren kostua 12.000 euro ingurukoa da".