Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkartearekin elkarlanean urtero antolatzen dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko zikloa, duela 20 urtetatik. Ekimenaren helburua, "Organoa balorean jartzea" dela azaldu zuten zikloaren aurkezpenean eta hala, "nazioarteko organo jole handiak" entzuteko aukera izango da.
Atzoko kontzertuari dagokionez, aurtengo zikloko estreinakoa izan zen, eta Santa Marina elizara bertaratu zirenek Bergarako musika eskolan organo irakasle den José Antonio Pascual organo-jotzaileak jotako piezekin gozatu ahal izan zuten; baita, Eskola Gurutziaga abesbatzak eta Donostiako musika eskolako abesbatzak eskainitako emanaldiarekin ere.
Bakarlari modura, Karmele Muro sopranoa, Blanca Gutierrez bigarren sopranoa eta Idoia Sukia kontraltoa aritu ziren kantuan. Hala, musika eskaintza Johannes Brahnas-en 'Nänie. Op.82' doinuak ireki zuen, eta Vivaldiren 'Vivaldi-Gloria' klasikoak eman zion amaiera. Urrian zehar zikloaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da Bergaran oraindik ere; Urriak 19, zapatuan, 19:00etan, Oscar Candedo organista eta Easo Araoz gazte abesbatzaren kontzertua izango da eta urriaren 26an, zapatua, 19:00etan ere, Organo ikasleek eskainiko dute kontzertua.