Jose Javier Barkero: "Gazteek aurrerapausoa egin beharko dute"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urr. 4a, 11:51

BKE-ko ohorezko erregional mailako taldeak puntu bakarra lortu du orain arte jokatutako hiru partiduetan. Jose Javier Barkero entrenatzaileak azaldu du taldearen egoera zein den.

Ez da denboraldi hasiera ona izaten ari.
Taldea ondo dago, baina egia da ez dugula garaipenik lortu; eta, ondorioz, animoak ez daude onenean… Kontuan hartu behar dugu kategoria konplikatua dela, eta etxean partiduak irabaztea kosta egingo zaigula. Gu ahaleginduko gara baina ez da samurra izango.

Ze falta izan da orain arteko partiduetan?
Uste dut etxean jokatu ditugun bi partiduetako gakoa lehenengo golean egon dela. Bi partiduetan eurak jarri dira aurretik, eta nahiz eta gu partidua berdintzeko gauza izan, ezin izan dugu irabazi. Defentsa mailan ez gara ondo ibili; egia da aurkariek ez dituztela aukera asko izan, baina eraginkorrak izan dira eta gola egin dute.

Diozu, urte zaila izango dela. Zergatik?
Bai, urte konplikatua izango da. Esan behar da klubean ere aldaketak izan direla; baina, espero dugu aurre egingo diogula egoerari eta maila mantentzea lortuko dugula. Gainera, aurten ez dira fitxaketarik egin eta herriko jendearekin jokatu beharko dugu.

Helburua mailan mantentzea izango da?
Bai, printzipioz erronka hori izango da. Jokalari garrantzitsuak joan dira eta klubetik jarritako helburua ere hori izan da.

Zeintzuk izan dira hainbeste nabarmentzen dituzun hutsune horiek?
Defentsan pare bat jokalari falta dira, eta horien lekua betetzera ez da inor etorri. Esan daiteke hor egiten dugula huts: defentsa gutxi daukagu. Hori kontuan hartuta, zailagoa da partiduei aurre egitea. Hala ere, nabarmendu behar da jokalari garrantzitsuak ditugula taldean, eta gainera, jokalari gazteek aurrerapausoa eman beharko dutela.

Hurrengoa lehia noren aurka izango da?
Gogorra izango da. Eibarko Urkoren aurka jokatu beharko dugu –zapatuan, 17:45ean, Unben–. Iaz lehenengo geratu zen taldea da eta neurketa konplikatua izango da. Baina, betiko moduan gogotsu irtengo gara zelaira, eta lehenengo garaipenaren bila joango gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak