Urteroko hitzordua da Kultura Kalera, eta badator aurtengoa ere. Herriko hamazazpi kultura elkartek iragarri dute parte hartzea. "Ekimenaren helburua da herriko kultura elkarteak ezagutzera ematea, eta jarduerak kalera ateratzea", ekarri du gogora kultura zinegotzi Ekaitz Aranberrik. "Gauza asko egiten dira herrian, eta askotan ez dugu horren berri. Elkarteek domeka goizean eta eguerdian ipiniko dituzte mahaiak kalean, eta herritarrek aukera izango dute informazioa jaso eta, nahi izanez gero, izena emateko", gaineratu du Maider Osa teknikariak.
Egitarau zabala aurkeztu dute, eta ekintza gehienak San Martin plazan izango dira. Egubakoitzean, hilak 27, umeendako jolasak izango dira Jardunen eskutik. Zapatuan bisita gidatua izango da, eta izen-ematea zabalik da Laboratoriumean. Domekan, berriz, elkarteen tailerrak eta erakustaldiak izango dira. Aste bukaera berezia izango da eta foodtruck edo janaria saltzen duten furgonetak ere egunero izango dira herrian.
Musika saioek garrantzi berezia izango dute. Egubakoitzean, 20:30ean, entsegu irekia egingo du Bergarako Orkestra Sinfonikoak Musika Eskolan. Zapatuan, berriz, kontzertu berezia eskainiko dute Bergarako Orfeoiak, Orfeoi Gazteak, Aritzeta abesbatzak eta San Joxepe abesbatzak, 19:00etan. 106 ahots elkartuko dira. Alai taldearen kalejira domeka eguerdian izango da.
Egitaraua eskuragarri dago ohiko lekuetan.