Sorkuntza artistikoa lantzeko tailerrak gidatuko ditu Amaia Santamaria bergararrak egubakoitzetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 19a, 09:30

Santamariak gidatutako saioetan egindako lanetako batzuk. (Iturria: Amaia Santamaria)

Bigarren urtez sorkuntza artistikorako tailerra gidatuko du arte graduatu bergararrak Beart elkartearen egoitzan. Marrazketa, pintura, eskultura eta argazkilaritza landuko dituzte.

Saioak egubakoitzetan izango dira, 17:30etik 20:30era. "Sorkuntza prozesuak garatzea izango da helburua, ez hainbeste gauzak kopiatzea. Eskura ditugun materialekin esperimentatuz nork bere interesetatik eta motibazioetatik lan egitea bultzatuko dut eta lan giroa sortzea da helburua", adierazi du.

Aurreko ikasturtean hasi zen Bergaran sorkuntza tailerrak gidatzen. Garrantzia ematen dio irudimenari eta baita ere nork bere teknika garatzeari. Eskaintza helduendako dela esan du eta edonork har dezakeela parte. "Sinistuta gaude batzuk jaio egiten direla gauza hauetarako eta uste okerra da. Hezkuntzan ez da arte heziketa lantzen. Kopiatzen ikasten dugu eta erreprodukzioak egiteko txarrak bagara pentsatu ohi dugu ez dugula balio. Gezurra da.  Denok hel gaitezke gustuko zerbait sortzera. Kontua da esperimentatzea eta egiten goazen heinean prozesuak garatzen joatea".

Lan giroa sortu gura du Santamariak Bergarako saioetan. Materialekin esperimentatzeko aukera ere zabaldu gura du: "Irudigintza lantzeko erabiliko ditugu akrilikoak, transferrak, pinturak, argizaria... Eskulturarako moldeak, eskaiola... Etxean ditugun materialak ere erabiliko ditugu", esan du.

Argazkigintzan ere emango dituzte urratsak. Kamara beltzarekin eta argazki digitalarekin trebatuko direla esan du. "Saiatuko naiz artisten lanak ekartzen, eta gero nork bere lana garatzeko aukera izango du".

Emaitzak baino gehiago lan prozesuak bistaratu nahi dituela gaineratu du. "Gehienetan emaitza ikusten dugu eta ez horren atzean dagoen lan prozesu guztia. Horren inguruan ere egingo dugu lanketa".

Izenematea zabalik

Saioetan izena emateko zein informazio gehiago eskuratzeko interesatuek bi bide dituzte. 690 251 450 telefono zenbakira deitzea (Amaia Santamaria) edo beart.elkartea@gmail.com helbidera idaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak