Bi ibilbide izango ditu. Luzeak 43 kilometro –1.600 metroko desnibel metatua– izango ditu eta laburrak 32 kilometro–1.200 metroko desnibel metatua–. "Ziklista bakoitzak erabakiko du, zailtasun teknikoaren arabera, ze ibilbidetatik joan", adierazi du antolakuntza taldeko Alex Gardokik. "Lan handia" egin dute domekara begira ibilbidea garbitzeko: "Sekulako garbiketa lanak egin ditugu, bide bazterrak ahalik eta garbien egon daitezen eta lasterkariak gustura geratu daitezen. Zapatuan egingo ditugu markaketa lanak".
Aldaketak ibilbidean
Aldaketei dagokienez bi jaitsiera berri iragarri ditu Gardokik: "Bat teknikoa izango da eta bestea errazagoa, baina bi jaitsiera horiek berriak izango dira; amaieran, nahi duenak Antzuolako DH [Downhill] jaitsierako zati bat izango du aukeran; hori egin nahi ez duenak PR ibilbidea izango du aukeran". Gardokik aitortu du eguraldia "klabea" izan ohi dela partaide kopuruan: "Iaz 216 txirrindulari izan ziren eta espero dugu aurten antzeko kopurua izatea. Ea eguraldiak laguntzen duen".