Añorgaren kontraerasoak Barkeroren estreinakoa zapuztu du

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 14a, 21:18

Bergarako eta Añorgako jokalari bana, baloiarengatik lehia estuan. (Argazkia: Imanol Soriano)

Bergarak etxean jokatu du ligako lehen partidua Añorgaren aurka, baina hiru puntuak bisitarientzat izan dira, markagailua 1-3 amaitu baita. Etxekoak baloiaren jabe izan diren arren, bigarren zatian bisitariak gehiago izan dira. Jose Javier Barkero entrenatzailearen lehen partidua izan da zaleen aurrean: "Asko gustatu zait baloiarekin egin duguna, baina hobetu beharreko gauzak ditugu". 

Futbol partiduak ez dira soilik baloi jabetzarekin irabazten, eta gaurkoan hori bizi izan dute futbolari mahoneroek. Lehen zatian baloiaren jabe izan dira, baina horrek ez du saihestu atsedenaldira atzera joatea. Kontraerasoan egindako gol bati esker, 0-1 ekoarekin joan dira aldageletara bi taldeak. "Partidua kontrolpean izan dugu lehen zatian, eta esango nuke Añorga baino sendoago aritu garela, nahiz eta markagailuan atzetik joan" azaldu du Barkerok. 

Bigarren zatia hasi eta gutxira etxekoek lehia berdindu dute, 1-1. Bazirudien partidua etxekoen alde jar zitekeela, baina Añorga benetan fin aritu da kontraerasoan, eta hala lortu ditu garaipena eman dizkioten beste bi golak ere. "Emaitza ez da ona izan, baina asko gustatu zait baloiarekin egin duguna. Liga hasi besterik ez da egin, eta baditugu gauzak hobetzeko; baina baloiarekin fin bagabiltza emaitzak helduko dira, seguru". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak