Arrizuriagarako ideia gustukoena zein den jakin nahi du Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ira. 11a, 12:29

Arrizuriaga jauregia.

Bergara hobetzeko ideiak ekimenaren barruan Arrizuriaga aisialdirako gune izatea zehaztu zuten bergararrek aurreko agintaldian. Egungo gobernuak zein proiektu garatu daitekeen zehazteko herritarren iritzia eskatuko du, herritarrek eurek proposatutako sei aukeren artean. Ekimeneko azken bozketa izango da honakoa, eta botoa eman behar da 'www.bergara.eus'-en, irailaren 22a baino lehen; proposamen bozkatuenak 1.000 euroko saria jasoko du.

Bergararrek 120 ideia proposatu zituzten aurreko agintalditik datorren Bergara hobetzeko ideiak ekimenaren barruan. Udal teknikariek ideia horien bideragarritasuna neurtu ostean, herritarrek horietatik egokienak iruditzen zitzaizkienak bozkatu zituzten; 344 bergararrek eman zuten botoa. Udal Gobernuak jakitera eman du irailean jarriko duela martxan plan estrategikoa egiteko prozesua eta ekimen honetatik ateratako ideia bozkatuenak beste ideiekin batera aztertuko dira bertan.

Anfiteatroa, jolas-gunea...

Bergara hobetzeko ideien lehiaketaren barruan, helduen artean –umeek ere hartu zuten parte– proposamen bozkatuena izan zen Arrizuriagako parkea aisialdirako egokitzea. Hori bai, herritarrek hainbat aukera proposatu zituzten eta horien guztian artean erabaki behar da orain. Hain zuzen, honako sei ideia hauen artetik aukeratu beharko dute herritarrek, www.bergara. eus webgunean: kontzertuak, antzerkiak eta kultura arloko bestelako ekitaldietarako eraikinaren beheko aldean anfiteatro bat egitea; parkean ume eta helduendako ziburuak jartzea; umeendako jolas-gune "ezberdin" bat jartzea tirolina batekin, ur txorrotekin eta berrerabilitako materialez egindako egiturekin; Arrizuriaga eraikina kultura eta gizarte arloko ekintzak egiteko egokitzea eta parkean aisialdirako elementuak jartzea –eserleku erosoak, ganorazko lorategia, iturriak, mahaiak, agertokia, bizikletendako aparkalekua...–; Espoloira ematen duen harresia kentzea; eta Ramon Maria Lili kaletik Arrizuriagara sartzeko dagoen atea eta hormak aprobetxatuta txakurrendako jolas parke bat egitea.

1.000 euro ideia bozkatuenari

Ideia bozkatuenaren egileak 1.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak 500 euro. Bozkatzeko azken eguna irailaren 22a izango da; Udalak hilaren 24an jakinaraziko ditu ideia bozkatuenak eta saridunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak