Bergara Hiria torneoak maila goreneko emakumezkoen saskibaloia ekarriko du gaur iluntzean Labegaraietara, IDK Gipuzkoa eta Tarbes Gespe Bigorre izango dira-eta zein baino zein gehiago (19:00, sarrera doan). BKEko ordezkariak gustura geratu ziren iazko txapelketaren formatuarekin, eta aurten errepikatu egin dute: "Jendea etorri zen Labegaraietara eta taldeetako ordezkariak gustura geratu ziren lagunartekoarekin. IDK Gipuzkoa talde finkoa da gurean, eta eurak arduratu dira TGB taldea gurera ekartzen", adierazi du Marian Melladok.
Aurre-denboraldian murgilduta
Bi talde horiek aurre-denboraldian murgilduta daude, eta gaurko partidua prestaketa modura erabiliko dute. Frantziarrak, esaterako, asteburuan Gasteizen egon dira Araskiren eta Valentziaren kontra jokatzen. Frantziarrek 71-53 galdu zuten arabarren kontra, eta Valentziak puntu bakarragatik irabazi zien (67-66). IDK Gipuzkoak, berriz, Hotel Gran Bilbao torneoan 67- 64 galdu berri du Lointek Gernikaren kontra.
"Klubeko neskei zuzenduta"
Melladok azpimarratu du elite mailako emakumezkoak etxean ikustea baliagarria dela BKEko neskendako: "Adin batetik aurrera saskibaloia uzteko joera izaten dutelako, eta pena da".