Kartzela Zaharreko Angiolillo liburutegiak hamar urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, 10 urte kakia emuten lelopean.
Lehen ekitaldia irailaren 10ean izango da, Carlos Taibo idazleak Ante el colapso. Por la autogestión y por el apoyo mutuo liburua aurkeztuko baitu. Aurkezpena kartzela zaharrean izango da, 19:00etan.
Angiolillo liburutegiak 60 liburu aurkezpen eta beste hain-bat hitzaldi antolatu ditu hamar urte hauetan, eta urteurren honetan ere dinamika horrekin jarraitzea dute helburu: "Orain arte bezala, liburu aurkezpenak egiten jarraituko dugu, eta, ahal den heinean, kartzela zaharrekoak auzoetakoekin txandakatuko ditugu. Carlos Taibo bezalako idazle esanguratsuak ekartzen saiatuko gara, baina bertakoak alde batera utzi gabe. Hitzaldi eta aurkezpen gehiago lotu heinean joango gara jakinarazten", dio Aser Polvorosak, ekimenaren antolatzaileak.
Liburuak askatzeko ekimena
Uztailean, Angiolillo liburutegiak hainbat liburu jarri zituen jendearen eskuragarri herriko hiru puntutan: Irala kalean, Espoloian eta igerilekuan. Polvorosaren esanetan, ekimenak "arrakasta" izan zuen: "Askatutako liburuen historia oso ondo joan zen, balorazio positiboa egiten dugu. 50 liburutik gora askatu ziren, eta gune arrakastatsuena Agorrosingo igerilekuak izan ziren, bertan askatu ziren liburu gehienak. Aurrera begira, askatutako liburuen ekimena kontuan izateko gauza bat izango da".