Udako kultur ekitaldiek harrera "ona" izan dute

Amaia Zabala 2019ko ira. 6a, 09:42

Urtero legez, uda honetarako ekitaldi kultural ugari antolatu ditu Bergarako Udalak herriko hainbat plaza eta parketan. Izan ere, herritar asko kanpora joan diren arren, herria 'zaintzen' geratu direnek gustura hartu dute agenda kultural hau.

Bergarako Udalak antolaturik, ekitaldi kultural asko izan dira uda honetan ere herriko kaleetan. Uztailean eta abuztuan zehar izan dira ekintza hauek, eta, herritar askok kanpora joateko aprobetxatuz duten arren, ez dira guztiak izan, eta herrian geratu direnek gustura hartu dituzte ekitaldi kultural hauek. Bergarako Udalak ere kultur agendaren balorazio "positiboa" egin du. Maider Osa Kultur teknikariaren esanetan, parte hartze handia izan dute ekitaldiek: "Jende asko ibili da, batez ere, uztaileko ostiraletan Espoloian Berumuga programaren barruan egindako kontzertuetan. Maila handiko taldeak izaten dira, eta jendeak dagoeneko badaki kalitatea aurkituko duela; horregatik, publiko fidela dago eta beste asko, jakin-minez".

Abuztuko ekitaldiak

Abuztuko ekitaldiei dagokienez, batez ere, estilo askotariko kontzertuak eta aire libreko zinema izan dira nagusi. Horretaz gain, magoen emanaldia ere izan da. Osaren esanetan, abuztuko emanaldiek ere erantzun "ona" izan dute: "Abuztuko emanaldiek ere oso harrera ona izan dute. Azken urteotan bezala, gune desberdinetan egin ditugu eta emaitza oso ona izan da. Aire ahizpak, Urbil Artola & Jon Gurrutxaga, Tor eta Txoborro magoen ikuskizuna, La Jode-dera...".

Osak gaineratu du abuztuko ekitaldirik jendetsuenetako bat Artolak eta Gurrutxagak egindako emanaldia izan zela. Egitarauko azken kontzertua izan zen hau, abuztuaren 28an, zehazki, 22:00etan, Fraiskozuri plazan.Gainontzeko kontzertuei dagokienez, Nafarroa Beheretik etorritako ahizpek euskal folk abestiak eskaini zituzten eta La Jodedera taldeak, berriz, kubatar doinu dantzagarriak eskaini zituen.

Aurten, gainera, eguraldia ere ez da aitzakia izan, ez baitu inongo eragozpenik sortu antolatutako emanaldietan: "Eguraldiak ez digu apenas eragin. Kontzertu eta ikuskizun guztiak iragarritako egun, leku eta orduan egin dira, salbuespen bakarrarekin: zine emanaldiren bat plazatik plazako arkupeetara pasa genuen, eguraldia okertu egin zitekeelakoan".

Datorren urtera begira

Bergarako Udalak jakinarazi du datorren udan ere ekitaldi kulturalak antolatzen jarraitzeko asmoa duela: "Herritarrek gustuko dute azken urteotako eskaintza, eta, hasiera batean, ez dugu datorren udaldirako aldaketa nabarmenik aurreikusten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak