Josune Irazabal: "Inguruneak behar duen hezkuntza eskaintza bermatu nahi dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ira. 6a, 14:00

Miguel Altunako zuzendaria eskola berriaren aurrealdean.

Miguel Altuna lanbide heziketa eskolak astelehenean hasiko du ikasturtea egoitza berrian, Bergarako Agirrebidean. 2001ean sinatu zuten erakundeek eskolaren toki aldaketa. Harrezkero, gertutik jarraitu du zuzendariak aldaketa prozesua; batez ere, 2012an zuzendari izendatu zutenetik. 

Atzeratu egin da, baina, azkenean, astelehenean hasiko duzue ikasturtea eskola berrian. Gogorra izan da?
Bai. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu eta Victoriano Gallastegi alkate zirela sinatu zen eraikin trukea. Gorabehera asko izan dira ordutik: legealdi eta agintari aldaketak, krisia… Azkeneko hilabeteak ere gogorrak izan dira, trasladoarekin eta. Onena da hemen gaudela, hasteko gertu.

Hasieran amestu zenuen eraikina da?
2001ean amestu genuena zen gauza bat; daukaguna da beste bat. Egoera berrietara egokitu gara. Egia da orain proiektua hutsetik hasi beharko bagenu elementu asko aldatuko genituzkeela, baina beste asko daudenetan lagako genituzke. Egitura eta funtzionamenduaren aldetik gustura gaude. 

Hasierako proiektuan, lur azpiko aparkalekua zegoen aurreikusita.
Bai. 50 autorendako tokia aurreikusten zen lur azpian. Hori ez daukagu, baina eraikinaren aurrealdeetan badaude aparkalekuak eta lehen Candy-rena izan zen aparkalekua ere atondu du Udalak. Hortaz, tokia badago. Dena den, ikasturtea hasi arte ez dugu jakingo aparkatzeko leku gutxi dagoen ala ez. Hau berria da denondako. Lehen, herriko edozein tokitan aparkatzen zuen eskolara zetorrenak, herriaren erdian geunden eta. 

Kaletik oinez joateko bideak ere egokitzen edo egiten ari dira.
Bai, eta ondoetorria da hori, ze eroso egiten da herriaren erdigunetik eskolara arteko joan-etorria. Dena den, hezkuntza duala eskaintzen dugunez, zaila da eskolatik zuzenean lanera doan ikasle bat auto barik hurbiltzea eskolara. 

Zailtasunak zailtasun, astelehenean normal hasiko duzue ikasturtea.
Bai. Trasladoak lan handia eman digu. Hasierako asmoa zen aurreko ikasturtean hastea, baina arrazoi desberdinak tarteko, obrak atzeratu egin ziren. Antolaketarako asti gehiago izan dugun arren, gauzak egoitza zaharretik berrira ekartzeko, tailerretako makinak mugitzeko eta antzekoetarako, udako hilabeteak izan ditugu. Ikasturtea hasiko dugu orain, baina erabateko normaltasuna helduko da hilabete batzuetan, guztiok ohitu behar baikara. 

Zenbat ikaslerekin hasiko duzue kurtsoa?
600 inguru. Irakasleak, ostera, 76 izango dira.

Askotariko ikasleak?
Bai; gaur egun, formakuntza etengabea da eta, honenbestez, 16 edo 18 urtetik hasi eta 50 urtera artekoak dira gure ikasleak; gizonezkoak eta emakumezkoak, nahiz eta oraindik ere estereotipoei eusten zaien: ziklo teknikoetan, gizonezkoak dira nagusi eta zerbitzuetan, emakumezkoak. Ziklo teknikoetan dabiltzan emakume gehienak adin batekoak dira, ez dira batxilergotik datozenak; hau da, beste lan batzuk dituztenak edo izan dituztenak, kooperatiben ingurunean daudenak eta ziklo tekniko batekin frogatu nahi dutenak. 

Zelako eraikina da, ze tamainakoa…?
Bi eraikin dira. Bati teknikoa deitzen diogu, tailerra eta gela teknikoak daude hor eta 6.300 metro koadro ditu. Bestean, eraikin nagusian, daude administrazio zikloarekin batera zuzendaritza, irakasleak, zerbitzu zentralak eta aretoa. 3.300 metro koadroko erakina da. Guztira, bi eraikinekin, ia 10.000 metro koadro dira. Zaharrak 5.000 zituen. Tailerrarekin oso gustura gaude. Dena solairu bakarrean, dena zabalik… 3.000 metro koadrotan. 

Zerk egiten du berezi Miguel Altuna, beste lanbide heziketa eskola batzuekiko?
Urte askoko eta, ondorioz, esperientzia handiko ikastetxea da, inguruneari eta bertako industriari oso lotua. Gertukoa da. Eta izaera horri eutsiko dio. Zure zubia da gure azken urteotako leloa. Izan ere, eskolak izan nahi du ikaslearen, beste ikastetxe batzuen, beste lantoki batzuen… zubi. Miguel Altunak nahi du ikasleak behar duenari erantzun, haren premiei egokitu… Debagoienean punta-puntako lanbide heziketa eskola bat edukitzea inportantea dela uste dugu. 

Zein da Miguel Altunaren ospe onaren arrazoia?
Ikasleen eta enpresen beharrei erantzuten jakitea. Horretaz gain, atzerriko beste eskola eta erakunde batzuekin harremanak estutu ditugu eta horiekin ikasitakoak eskolan txertatu ditugu. Metodologia aldetik ere aitzindari izan gara; azken urteetan garatu ditugu 40 berrikuntza proiektutik gora; sailburuordetzak bultzatutako ekimen guztietan parte hartu dugu; SPRI edo Foru Aldundiarekin batera lan egin dugu hainbat proiektutan…

Mundu mailako kongresua antolatu duzue datorren asterako. Zeren gainekoa?
Hotzeko estanpazioaren gainekoa. Donostian egingo dugu eta oso inportantea izango da guretako. Eskola berrira ere ekarriko ditugu munduko beste toki batzuetako hotzeko estanpazioko adituak. Ez da oso ohikoa lanbide heziketako zentro batek antolatzea Japoniatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Koreatik edo Alemaniatik etorriko diren hotzeko estanpazioan aitzindari diren adituak biltzen dituen kongresu bat.
 
Zein da Miguel Altunaren erronka nagusia etorkizunari begira?
Gune berriari etekina ateratzea, betiere, teknologia edo joera berriekin, eta gizarteari, ikasleei eta enpresei, zerbitzu ona ematea. Inguruneak behar duen hezkuntza eskaintza bermatzea.
 
Eraikin berriak aukerarik ematen dizue matrikula kopurua handitzeko?
Azken urteetan hazi egin da ikasle kopurua etengabe. Lanbide heziketa boladan dagoelako edo Miguel Altunaren azken ekimenengatik den ez dakigu. Eraikin berriak formazio eskaintza kalitatez emateko baldintzak bermatuko dizkigu.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak