Gogotsu denboraldi berriari begira?
Oso gogotsu, maila berri honetan jokatu behar nuela jakin nuenetik irrikitan egon naiz denboraldia hasteko; eta azkenik heldu da lehiatzeko ordua. Gainera sekula jokatu ez dudan talde garrantzitsuen aurka arituko naiz aurten (Barca, Atletico Madrid, Zaragoza…) eta horrek asko motibatzen nau.
Nola bukatu duzu Santanderreko Racingen?
Iaz Santanderrera bizitzera etorri nintzen nire bikotekidearekin, bera ere futbol jokalaria da eta Racing-ek fitxatu zuen. Lehen aldia da kanpora jarraitzen diodana, orain arte ikasten egon naizelako Euskal Herrian. Baina iaz distantziako master batekin hasi nintzenez berarekin joateko aukera ezin hobea izan nuen. Hala, Santanderrera heldu bezain laster nesken futbol taldeengatik galdezka hasi nintzen eta berehala Monte klubarekin entrenatzen hasi nintzen. Bi aste beranduago bigarren mailan zegoen lehen taldean fitxatu ninduten. Iaz, Monte CF taldearekin nenbilela, Espainiako futbol federazioak aditzera eman zuen liga berri bat eratu behar zutela bigarren eta lehen mailen artean, eta gure helburua lehen lau postuen artean geratzea zen aurten liga berri horretan lehiatu ahal izateko. Ez genuen helburua lortu. Racing, iazko gure aurkarietako bat, laugarren postuan geratu eta igoera lortu zuen. Uda hasieran Racing nirekin kontaktuan jarri zen nirekin eta kontratu profesional bat eskaini zidaten. Ez nuen asko pentsatu behar izan: kategoria bat gehiago, futbol profesionala eta etxe ondoan…
Gustura Santanderren? Gustatzen zaizu hiria?
Oso gustura nago Santanderren. Hiri oso polita eta atsegina da, eta hiriaz aparte Kantabriak txoko polit asko ditu ezagutzeko; nahiz eta ez daukagun egun libre asko, inguruak bisitatzeko erabiltzen ditugu. Hortaz aparte niretako oso garrantzitsua da familia gertu izatea; ordu eta erdira ditugu etxekoak eta horrek ia hilero ikustea ahalbidetzen digu.
Nola joan da denboraldi-aurrea?
Aurredenboraldian lan handia egin dugu. Sei aste egin ditugu lanean, astean lauzpabost entrenamendurekin eta partidurekin. Taldearen sentsazioak onak dira. Egia da talde oso berria dela, fitxaketa asko egin direla eta guztiok ez dugula hizkuntza bera erabiltzen. Hala ere, konexio handia sortu dugu gure artean eta denboraldi-aurre txukuna egitea lortu dugu.
Zeintzuk izango dira 2019-2020 denboraldirako taldearen helburuak?
Liga guztiz berria da, eta talde berriekin arituko gara. Beraz, ez dakigu oso ondo zein izango den beste taldeen maila. Hala ere, gure helburu nagusia mantentzea izango da, eta goiko postuetan bada, hobeto.
Eta zure helburu pertsonalak?
Nire helburu pertsonala ahalik eta minutu gehien jokatzea izango da, eta minutu horietan maila altua ematea taldeari lagundu ahal izateko.
Beti jokatu izan duzu atzelari moduan?
Bai. Egia da partidu puntualetan erdilari bezala jokatu izan dudala, baina kasu bereziak izan dira.
Maialen Esnaola, emakumearen futbolaren egoeraz: "Hobetuz doa, baina hobetzeko tarte handia dago. Askotan konparatzen dut nire burua nire bikotekidearekin, eta hurbildu ere ez gara egiten. Eta biak gaude maila berean"
Bergaran baduzue emakumezkoen futbolean erreferente bat dena: Vanessa Gimbert. Zer esango zenuen Vanessaren inguruan?
Vanessa urte askotan lehen mailan jokatu duen jokalaria da. Horrelako jokalariak beti dira erreferente niretzat. Jarraitu dut. Egia da orain lehen baino gehiago jarraitzen dudala, duela urte gutxi hasi baitira telebistak emakumezkoen futbola ematen.
Eta nola ikusten duzu emakumezkoen futbolaren egoera?
Hobetuz doala jakinekoa da, baina, hobetzeko tarte handia dago. Zentzu askotan, ez soilik diruan. Kasu gehienetan exigentziak oso handiak dira eta erraztasunak urriak. Nik askotan konparatzen dut nire burua nire bikotekidearekin, eta hurbildu ere ez gara egiten. Eta biak gaude maila berean.