Jarduneko koordinatzaileek adierazi dutenez, udaleku irekien gaineko balorazio positiboa egin dute: "Oraindik ere, zerbitzu hau erabili duten familia askoren balorazioak jasotzeke dauzkagu eta guretzat euren balorazioak jasotzea oso garrantzitsua da. Horrela, aurrera begira ere, aldatzeko edo hobetzeko gauzak zeintzuk diren jakin dezakegu. Izan ere, haien seme-alabak dira udalekuetako protagonistak eta haientzat ahalik eta eskaintzarik onena lortzea da gure helburua".
Zirkuaren Eguneko magoa
Udaleku irekietan izena ematerako orduan hiru edo lau astez jarduteko aukera egon da aurten ere. Uztaileko lehen hiru asteetan 457 neska-mutiko eta 55 hezitzaile izan dira egunerokoan: "Amaitu berri dugun laugarren asterako, aldiz, kopurua nabarmen jaisten da normalean eta aurten ere horrela izan da. 261 neska-mutiko eta 33 hezitzaile izan dira azken aste honetan. Udaleku irekietan lan egin behar duten hezitzaileekin formakuntza saio bat egiten da eta, lanketen artean, programazioak garrantzi handia izaten du. Udalekuak amaituta, umeak egun hauetan egiten dituzten ekintzen gaineko oroitzapen polit batekin gelditzea garrantzitsua da guretzat eta espero dugu aurten ere lortu dugula". Ekintza arrakastatsuenen artean, urteroko apar festak erantzun ona izaten du eta aurten Zirkuaren Eguneko ospakizunean ekarritako magoa ere oso gustukoa izan da umeentzat. "Hala ere, adin eta maila bakoitzeko umeek eta hezitzaileek egiten dituzten ekintzak ere arrakastatsuenen artean egongo dira, seguru".
Gero eta eskaintza zabalagoa
Aurten kirol campusa ere egon da Agorrosinen eta ume asko erakarri ditu. Jardunekoak pozik daude berritasun horrekin ere: "Azken finean, eskaintza gero eta zabalagoa egotea herriarentzat orduan eta aberatsagoa dela uste dugu; familia bakoitzak euren seme-alabentzat egokiena dena aukera dezatela, bai horixe". Eskerrak emateko ere aprobetxatu dute: "Eskerrak ematea nahi dugu urtero gugan konfiantza izan eta izaten duten familia guztiei. Hilabete askotako lana izaten da baina, emaitzak ikusita, sinetsita gaude merezi duela. Guk herriko haur eta gaztetxoek aisialdi euskaldun eta hezitzaile bat izateko aukera eskaintzen jarraituko dugu, betiere gure leloak dioenari eutsiz: Euskarak batzen gaitu!".