Debagoienak inoiz eman duen eskalatzailerik onena da Mikel Linazisoro (Bergara, 2000) eta oraindik zeresana emateko gogoz dabil. Innsbruck-etik (Austria) erantzun die GOIENAren galderei, gosaltzen ari zela, abuztuan izango dituen urteko bi zita garrantzitsuenei begira gogor entrenatzen ari delako. Munduko txapelketa bana jokatuko duelako 19 urteko bergararrak, senior mailan lehena eta gazte mailan bigarrena –azkenengoz lehiatuko da gazte mailan–.
Bi txapelketa, bi helburu
Abuztuaren 8tik 19ra jokatuko du Linazisorok senior mailako munduko txapelketa Tokion (Japonia). Eta jarraian, deskantsatzeko apenas denborarik izan gabe, abuztuaren 22tik 30era Arcon (Italia) jokatuko den txapelketan parte hartuko du. Lehen erronka Tokion izango du eta haren helburua izango da finalerdietara heltzea: "Senior mailan, munduko azken bi kopetan [urtean sei proba dira] finalerdietan egon naiz eta ederra litzateke hori lortuko banu txapelketan [aste bakarreko lana da]. Gazte mailan, ea boulderrean finalera sailkatzen naizen [sei sailkatzen dira] eta ea sokan podiuma egin dezakedan".
Lana "ia perfektu" egin beharra
Horrez gain, munduko sailkapeneko lehen 20ren artean egotea gustatuko litzaioke, dioenez, "oso maila altua" dago eta: "2020ko Olinpiar Jokoetarako zazpi onenak sailkatuko dira eta lehia itzela egongo da. Ez da batere erraza izango; dena ia perfektu egin beharko dut sailkatzeko". Hiru modalitatetan lehiatuko da: boulderreko zailtasunei aurre egiten, pareta errazagoak azkar igotzen eta erresistentzia ezinbestekoa den horma luzeetan gora ibili beharko da Linazisoro mailarik onena ematen helburu handiak lortu nahi baditu: "Erresistentzia lantzeko probetan aritzen naiz gusturen, baina zerbait handia lortu nahi badut beste bi probetan ere nire mailarik onena eman beharko dut".
Innsbruck-en dago, entrenatzen
Eskalatzaile bergararra Austrian ari da bi txapelketak prestatzen. Joan den astean amaitu zuen udako munduko kopa, Briançonen (Frantzia), eta hamar egun egingo ditu Innsbruck-en, lagun batzuekin batera, gogor entrenatzeko. "Modalitate guztiak ari naiz prestatzen, baina bereziki boulderra eta soka ari naiz lantzen". Orain bertan eskalatzera begira bakarrik dagoelako antolatuta Linazisororen egunerokoa. 08:00etan esnatu ohi da, 08:30ean gosaldu eta 10:00etarako rokodromoan dago entrenatzen. Goizean zehar 13:00ak arte entrenatzen dute; gero bazkarirako erosketak egin eta bazkalaurreko bainua hartu ohi dute, errekan. Bazkaldu, eta gero "oso garrantzitsua" den siesta egiten dute. Gero, 17:00etarako berriro daude rokodromoan, 21:00ak arte edo: "Mundu osoko eskalatzaileak daude orain hemen eta, askotan, batera entrenatzen gara, eta hori ederra da. Gainera, eskalatzen ez dugun egunetan mendi txangoak egiten ditugu; sekulako parajeak daude hemen", gaineratu du.
Narasaki eta Ondra faborito
Linazisororen arabera, senior mailako Tokioko munduko txapelketa irabazteko faboritoak Tomoa Narasaki japoniarra edo Adam Ondra txekiarra izango dira: "Ezusteko handia litzateke batak edo besteak ez irabaztea, Linazisoro, uztailaren 20an, Briançon-en, munduko kopako finalerdietan. Maila bat gorago daude".