Kultura eskaintza zabala izango dute Bergaran abuztuan zehar

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko uzt. 28a, 10:00

Musika, kale ikuskizunak eta aire libreko zinema emanaldiak izango dira abuztuan zehar Bergaran. Kultura programazio zabala antolatu dute, oporraldi garaian ere zer ikusi eta zer entzun egon dadin.

Kale ikuskizunen tartean, lau emanaldi egongo dira abuztuan zehar. Abuztuaren 7an izango da lehenengo saioa: Aire Ahizpak taldearen emanaldia, Labegaraietan, 20:00etan. Urepeleko Amaia, Miren eta Paxkalin Aire ahizpek osatzen dute taldea. 1992an sortutako taldea da; nabarmendu behar da Xalbadorren bilobak direla aipatutako hiru musikariak. Esperientzia handia dute herriko plazetan. Batez ere, a cappella abesten dute, baina zenbait abestitan Sebastien Desgrans akordeoi jolearen laguntza izaten dute.

Abuztuaren 16an, La Jodedera taldeak eskainiko du kontzertua, Irala kalean, 20:00etan. Ondo pasatzeko eta dantza egiteko aukera eskainiko du 2009an sortutako laukoteak. Musikari euskaldunek eta kubatarrek osatzen dute taldea.

Abuztuaren 21ean, bestelako diziplina landuko dute: Tor eta Txoborro magoak izango dira Espoloian, 20:00etan. Aztikeriak lana aurkeztuko dute: magia euskaraz ikusteko aukera egongo da. Ziur ikusleak aho zabalik utziko dituztela ikuskizunarekin.

Azkeneko emanaldia abuztuaren 28an izango da: Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola musikariek kontzertua eskainiko dute, Fraiskozuri plazan, 20:00etan. Esperientzia handiko musikariak dira biak: Jon Gurrutxaga elgoibartarra Arima Beltza taldearekin egin zen ezagun; eta Urbil Artola hondarribiarra, aldiz, Txomin Artola musikariaren semea izateaz gain, Sorotan Bele taldearekin egin zen ezagun.

Eguraldi txarra eginez gero, lau emanaldiak seminarioko karpan egingo dira.

Aire libreko zinema

Bestalde, publiko guztiei zuzendutako lau zinema emanaldi eskainiko dituzte martitzenetan San Martin plazan, 22:00etan. Abuztuaren 6an, Sing Street; abuztuaren 13an, Campeones –gazteleraz–; abuztuaren 20an, Lego 2 pelikula; eta abuztuaren 27an Megalodon –gazteleraz eta 12 urtetik gorakoendako–. Eguraldi txarra egiten badu, emanaldiak seminarioko arkupeetan izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak