Bihar, uztailak 27, jokatuko da Semicup txapelketa bereziaren seigarren edizioa. 08:30ean hasita, gutxi gorabehera 20:00ak arte ia etenik gabe areto futbola izango da protagonista seminarioko patioan. Aurten, hamabi taldek eman dute izena eta seina taldeko bi multzo egin dituzte. 15 minutu iraungo dute partiduek, eta 15:45ak arte multzo barruko partiduak jokatuko dira. Hau da, 17:00etan hasiko dira final-laurdenak; horrenbestez, multzo bakoitzetik lau talde sailkatuko dira azken faserako. Finalerdiak 18:00etan hasiko dira eta final handia, 19:15ean.
Sei sari banatuko dituzte
Finala bukatu ostean banatuko dituzte sariak. Lehen hiru talde sailkatuek kopa bana jasoko dute eta modu indibidualean egindako lana ere sarituko dute antolatzaileek: pitxitxiarentzako, jokalari onenarentzako eta jokalari bereziarentzako sariak egongo dira. Jokalarien artean gizonezkoak nagusi diren arren, antolatzaileek diote urtez urte gora egiten duela emakumezkoen parte hartzeak.
Grina pizteko, bideo umoretsua
Gainera, parte hartzaileei lehiarako grina pizteko, bideo bat egin dute umore ukitu nabarmenarekin: 2022. urtea irudikatzen dute bideo horretan, eta egitekoa zen aparkalekuagatik seminarioan patiorik egongo ez dela iradokitzen dute; hala, parking barruan futbolean jokatzen ageri dira antolatzaileak.