Angiolillo liburutegiak liburuak "askatu" ditu herritarrek irakurri eta ondoren oparitu dezaten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko uzt. 19a, 09:52

Angiolillo liburutegiak kalera atera ditu liburuak, herriak emandakoa herriari itzultzeko filosofia oinarri hartuta. Joan zen aste bukaeran utzi zituzten hainbat liburu herriko hiru toki ezberdinetan: Irala kalean, Espoloian eta igerilekuan.

Esperientzia "positibotzat" jo dute kartzela zaharreko liburutegiko lagunek. "Lagun baten ideia izan zen; hainbat liburu ditugu errepikatuta liburutegian, eta erabaki genuen kalera ateratzea. Kaxa batean utzi, leku batean, jendeak har ditzan", azaldu du Aser Polvorosak. Denetariko liburuak dituztela dio, baina egun hauetan kalera atera dituztenak irakurketa errazekoak izan direla, garaia kontuan hartuta jendeak samur irakur dezan. Bestalde, deskatalogatuta dauden liburuak ere badituztela gaineratu du.

Igerilekuan jarri zituzten liburuak, gainera, euskarazkoak izan ziren: 25 liburu jarri zituzten eta lau bakarrik ziren gaztelerazkoak

Esperimentu moduko bat izan dela dio. Jarritako baldintza bakarra izan da: "Jendeak liburua har dezala, eta irakurri ondoren beste norbaiti oparitzea". 50 bat liburu "askatu" dituztela dio: "Zalacaín el aventurero, Pio Barojarena, La Celestina –bost bat liburu genituen–... esperi-mentua izateko, nahiko ondo atera da. Egia da leku batzuetan gehiago kosta dela jendeak liburuak hartzea; baina igerilekuan, adibidez, oso harrera ona izan zuten. 11:00etan jarri genituen eta 18:00etan ez zegoen libururik", dio. Igerilekuan jarri zituzten liburuak, gainera, euskarazkoak izan ziren: 25 liburu jarri zituzten eta lau bakarrik ziren gaztelerazkoak. Irailean ekimena berriro ere errepikatzeko asmoa dute.

Liburuak, irakurtzeko

Angiolillo liburutegian liburu asko dituzte; horietako batzuk, espezializatutako liburuak, eta, Polvorosak azaldu duen moduan, liburu "oso onak" dituzte. Horren harira, zera dio: "Batzuendako oso liburu onak ditugu; baina nik diot, hemen geldi egonez gero, hautsa hartzen dute. Liburu on batek ez du ezertarako balio inork irakurtzen ez baldin badu". Liburutegian dituzten liburu gehienak jendeak emandakoak dira: "Angiolillo liburutegia egin zenetik, guk oso liburu gutxi erosi ditugu, politika arlokoak, espezializatuak bakarrik". Dituzten liburuen %15 dela dio eurek erositakoak. "Beste guztiak jendeak emandakoak dira, eta hori bueltatu egin behar da". Horregatik, ekimenarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute arduradunek, eta ideietako bat da PESAn uztea liburuak, noraino bidaia dezaketen ikusteko.

10. urteurrena

10 urte hauetan 60 bat liburu aurkezpen egin dituzte

Gainera, irailean hasiko den ikasturte berriarekin batera, liburutegiaren 10. urteurrena ospatuko dute; horregatik, ekintza ezberdinak egin gura dituzte: "Batez ere, auzoetara joateko asmoa dugu, ez dugu zentralitatean jausi gura. Auzoetan liburu aurkezpenak edo hitzaldiak eskaini ditzakegu". Gaineratu du 10 urte hauetan 60 bat liburu aurkezpen egin dituztela.Hala, urteurren hori ospatzeko, hainbat hitzaldi antolatu gura dituzte. Horietako bat idazle eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle Carlos Taiborekin izango da –M15eko mugimendukoa; eta Iglesiasen eta Echeniqueren irakasle izandakoa–.

Ateak zabalik ditu

Angiolillo liburutegia zabalik egoten da gaztetxea zabalik dagoen ordutegian. Edonork du aukera hara joan eta liburu bat hartzeko: paper batean norberaren izena, hartutako liburuaren titulua eta noiz hartu den idatzi besterik ez da egin behar. Liburua noiz itzultzen den ere apuntatu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak