Jatorri eta kultura ezberdinetatik datozen bost musikarik osatzen dute Cosmosoul taldea: portugaldarra, baina jatorriz Ginea-Bissaukoa da, Alana Sinkëy abeslaria; Argentinakoa, berriz, Abel Calzetta gitarra-jolea; Bilbokoa, Arturo Garcia bateria-jolea; Manuel Pablo Sainz madrildarra da, baxu-jolea; eta italiarra, Sergio Salvi teklatu-jolea. Hori horrela, zabala eta mugarik barikoa da egiten duten musikaren eta eskaintzen dituzten emanaldien ezaugarria. "Soularen, funkaren, world music delakoaren, poparen, jazzaren eta fadoaren arteko nahasketa bitxia eskainiko dute gaurko emanaldian. Talde interesgarria da hori ere, merezi du Espoloiraino hurbiltzea", azaldu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzinek.
2011n sortu zuten taldea, eta harrezkero hiru lan dituzte: Sunrise (2011), Terra (2014) eta Walk (2017).