Azken urtebetean "sei edo zazpi alditan" sartu dira lapurrak kartzela zaharrean, eta "kalte material handiak" eragin dituzte. "Kalte ekonomiko handia ekarri digute ateak indartzeko lanek; inbertsio hori egin behar izan dugu, ia derrigortuta, lapurreta gehiago ez jasateko. Kalte handia ekarri dute eraso horiek eta behartuta gaude dirua berreskuratzeko ekintzak antolatzera. Egun, ez dugu dirurik gaztetxearen kontu korrontean", adierazi dute.
Lehen ekintza, afari girotuak
Kalte horiei aurre egiteko, kartzela zaharrean aritzen diren eragileek erabaki zuten ekintzak antolatzen hastea, "poliki-poliki" dirua batzen joateko. Eta joan den egubakoitzeko afari girotua izan da horretarako propio sortutako lehen ekintza: "Oso harrera ona izan zuen. Lehenengoz antolatzen genuen, eta ez genekien nola irtengo zen; oso pozik geratu ginen, giro ederra sortu zelako eta 65 bat lagun gerturatu zirelako afaltzera".
Bertako produktuak parrilan
Bertako produktuak eskaintzeko apustua egin zuten, gainera; txahal eta txerri haragizko hanburgesez gain, hanburgesa begetarianoak ere prestatu zituzten: "Hanburgesak parrilan erre genituen eta mahai baten jarri bestelako osagaiak, nork bere gustuko hanburgesa osatu zezan. Jendeak oso gustura jan zuen, produktua oso ona zen eta".
Bost euroko salneurrian jarri zituzten hanburgesak, etekinak lortzeko margen handirik gabe, baina, tabernarena ere diru sarrera garrantzitsua denez, pozik daude lehen saioarekin. "Afariagatik bakarrik ordaindu behar da; hau da, nahi duena afalduta etor liteke eta sarrera ordaindu gabe musikaz eta sortzen den giroaz gozatu", gaineratu dute.
Beste bat hilaren 12an, formula berarekin
Uztailaren 5eko lehen afari girotuan, 19:00etatik 22:00etara, DJ Keep_a aritu zen girotzeko musika jartzen. Ondoren, afalostean, Añubeko Troba taldeak jo zuen; Soraluzeko bikoteak abesti latinoamerikarrak eskaini zituen. Bihar, uztailak 12, errepikatu egingo dute: "Formula bera erabiliko dugu, baina, gehienez, 75 lagunendako afaria emango dugu". Osagai musikala DJ Turtukiñaren eta Comando Pikaduraren eskutik etorriko da; 19:00etatik gauerdira arte, gutxi gorabehera.
Uztailean ez dute beste ekintzarik aurreikusita: "Dirua batzeko hurrengo ekintza San Martin jaietan antolatuko dugu, seguruenik".