Duela hiru asteko Pentekosteetako kontzertua hunkigarria izan zen, eta ikusleak oraindik ekainaren 9 hartan Bergarako pilotalekuan bizi izandakoa gogoan zutela sartu dira gaur eskenatoki berera. Jendez betetako harmailek erakusten zuten, ostera ere, gaurkoa gau berezia izan behar zela, eta izan da. Orduan, Bergarako Musika Bandari agur esateko eguna izan zen, Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariaren azken kontzertua. Gaur, berriz, "eskerrik asko" esatera etorri da, eta ondo babestuta egon da; Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Bergarako Musika Banda, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Orfeoi Gaztea eta Bergarako Musika Eskolako Haurren Abesbatza izan ditu ondoan.
Aitziber Azkondok eta Manu Diazek izan dute ekitaldia aurkezteko ardura: "Musikari handi baten ibilbide emankorrari begirada bat emango diogu", esanez hasi dute gaua: "Izan ere, pentsatzen genuen Alfredo betirako izango genuela banda ta orkestra zuzentzen eta ohituta gauden kontzertuak eskaintzen, denbora azkar joan da, eta opor batzuk hartzeko ordua iritsi zaio". Hala, Gonzalez Chirlaquek Bergarako kulturari egindako ekarpena nabarmentzearekin batera gaurko kontzerturako aukeratutako obren garrantzia azpimarratu dute aurkezleek: "Egon beharrekoak eta sentimenduz beterikoak". Hauek izan dira aurreikusita zeuden obrak, nahiz eta sorpresak egon diren gero:
Bergarako Orkestra Sinfonikoarekin:
- Brave …………………………………. Obertura …………………. Patrick Doyle
- Circle of live ………… The Lion King filmekoa ………… Elton John / Hitzak: Tim Rice / Bakarlaria: Asier Elorza
- I Knew I Loved You ……………………….………….. Ennio Morricone / Hitzak: Alan Bergman / Bakarlaria: Ainara Ortega
- San Martzialgo maitasun kanta …………………..… Alfredo Glez. Chirlaque / Hitzak: Juan Martin Elexpuru. / Bakarlariak: Aitor Garitano eta Argiñe Agirrezabal
Bergarako Orkestra Sinfonikoarekin, Bergarako Musika Bandarekin, Bergarako Orfeoiarekin, Aritzeta Abesbatzarekin, Orfeoi Gaztearekin eta Bergarako Musika Eskolako Haurren Abesbatzarekin:
- Urdiroz ………………… Preludio sinfonikoa …………. Alfredo Glez. Chirlaque / Hitzak: Manu Diaz
- Bost lerro ………………………………………………………. Alfredo Glez. Chirlaque / Hitzak: Manu Diaz / Bakarlaria: Maria Izaga
- Hizkuntza erreinu ………………………………………. Alfredo Glez. Chirlaque/Hitzak: Maddi Iñarra / Bakarlaria: Aitor Garitano / Dantzaria: Manex Alberdi
- Bergarako ereserkia …………………………………………………….. Alfredo Glez. Chirlaque / Hitzak: Juan Martin Elexpuru / Bakarlaria: Aitzol Mugika
Egitarauarekin batera sorpresak izan dira:
Kontzertuari Bergarako Orkestra Sinfonikoak eman dio hasiera, eta Chirlaqueren hastapenetara egin dute Brave obrarekin, "Haurrek erakusten duten balentria eta indarra isladatzen duen obra da". Ikusleek txalo artean hartu dituzte zerrendan datozen hurrengo piezak, baina sorpresak izan dira. Izan ere, Hizkuntza erreinu piezaren ondoren Chirlaquek hainbat oroigarri jaso ditu eta ondoren Aurreskua dantzatu diote. Eta jarraian, argiztapenarekin lagunduta eta pianoan Patrizia jotzen zuten bitartean hainbat lagunek gutun bat irakurri diote Chirlaqueri, eskerrak eman dizkiote eta berak egindako ekarpena nabarmendu dute.
Eta ondoren etorri da, hain zuzen, gaueko sorpresa handienetako bat, Bergarako Musika Bandako zuzendari ohiak gaurko emanaldirako espreski sortutako pieza bat aurkeztu duelako jende aurrean, "Musikari eta musikariei egindako obra": Musikak arima badu izenekoa.
Ekitaldiak, baina, amaiera gogoangarria merezi zuen, Azkondo aurkezleak gogorarazi moduan: "Etapa bat itxi eta datorrena ilusioz, gogoz eta energiaz hartu behar delako". Hala, Chirlaqueren horren gustukoa den Queen taldearen The Show must go on abestiak zutik jarri ditu denak. Eta azkenik, bergararrek ordu gutxi batzuk barru ospatuko duten San Martzialgo jaietako martxarekin agurtu dute kontzertua.