Pentekosteetako kontzertuan esan zion agur Bergarako Musika Bandari Alfredo Gonzalez Chirlaquek, 54 urtez bertan aritu ostean, azken 32ak zuzendari. Hark egindako lanari "aitortza bezala eta esker oneko keinu bat egiteko asmotan", haren omenezko kontzertua antolatu du Orkestra Sinfonikoak, urteetan zehar Gonzalez Chirlaquerekin batera aritu diren hainbat musikarirekin batera.
Hala, Bandako kideek, Orkestra Sinfonikoak, Bergarako Orfeoiak, Gazte Orfeoiak, Aritzeta abesbatzak eta musika eskolako haurren abesbatzak hartuko dute parte ekitaldian. Orkestrako lehendakari Leire Ibarzabalek adierazi duenez, "denok batera une asko bizi izan ditugu, eta, horregatik, oraingoan ere batera gozatu nahi genuen. Gonbidapena luzatu eta berehala eman zuten baiezkoa musikari guztiek; Alfredorekin ibili garen guztiok ilusioz biziko dugun kontzertua da".
Bi zatitan banatuko dute kontzertua, eta, aurkezle lanetan arituko diren Manu Diaz eta Aitziber Azkondoren eskutik, Bergarako musikaren historian zehar bidaia bat sortu gura izan dute; betiere, Bandaren, Orkestraren eta Gonzalez Chirlaqueren beraren historia uztartuz.
Elkarlanetik sortua
Taldeez gain, hainbat bakarlari ere arituko dira kontzertuan: Asier Elorza, Maria Izaga, Ainara Ortega, Argiñe Agirrezabal, Aitor Garitano eta Aitzol Mujika. "Denak aritu dira noizbait gurekin, elkarlanean, eta honen guztionen parte egin nahi izan ditugu". Haiekin batera, Manex Alberdi dantzariak ere parte hartuko du omenaldian, baita Alfredo Gonzalez Chirlaquerekin ibilitako musikari ugarik ere. Joko diren musika piezak ere "bereziak" izango direla esan du Ibarzabalek: "Orkestraren ibilbidean momentu garrantzitsuak islatzen dituzten obrak izango dira; Alfredok aukeratu ditu, eta guretzat ere, musikariontzat, berezia izango da horiek jotzea".
Sorpresa ugari egongo direla aitortu du Ibarzabalek: "Une hunkigarriak egongo dira, bai Alfredoren beraren partetik, baita denbora hau guztiau berarekin partekatzeko aukera izan dugun guztion partetik". Hala, biharko kontzertuari begira, "ilusioz eta, batez ere, bihotzez" prestatzen aritu dira dena, Chirlaqueri "merezitako" agurra eskaintzeko.
Lanaren esfortzua
Chirlaquek egindako lan guztia eskertu nahi izan du Ibarzabalek. "Hasi ginenean, ez genekien ezer; izan ere, Alfredok erakutsi zigun dena. Hizkuntza musikalik ez genuen, partiturak interpretatzen ere ez genekien", aitortu du. Musikarekiko errespetua eta lanaren esfortzua baloratzen irakatsi diela azaldu du Orkestra Sinfonikoko lehendakariak: "Alfredo bera oso perfekzionista da bere buruarekin, baita musikariokin ere, eta egon behar den lekuan egoten erakutsi digu, musikari egin gaitu. Era berean, musika babesleku izan da guretzat: gaizki egon garenean, negar egiteko lekua izan da; baina, pozik egon garenean, partekatu eta ospatzeko aukera eskaini digu". Esker oneko hitzak baino ez dituztela azaldu du Ibarzabalek; eguna iristeko "gogotsu" daude denak, eta helburua "ikusle zein musikariek kontzertuaz gozatzea" dela aitortu du.