San Martzial domekan, Bergarako erromeriarik herrikoiena

Hainbat herritar soltean dantzatzen San Martzialgo erromeriaren amaieran, iaz.

San Martzial eguna da domekan, bergarar askorentzat urteko jairik kutunena dena; mezaz gain, musikak, bertsolariek eta, bereziki, dantzak hartuko dute San Martzialgo berdegunea, eta Udalak dei berezia egin du "horren baliotsua den altxorra" zaintzeko.

"Ez daukat zalantzarik, gehien bizi dudan jaia da. Dantzari moduan urte asko egin ditudalako izango da, akaso, baina San Martzialen egoten den giroa oso berezia da. Adin ezberdinetakoen artean izaten den harreman hori izugarri gustatzen zait". Hitz horiek ditu Xamatz dantza taldean urte luzez eta San Martzialen urtero dantzatzen duen Arkaitz Aranak domekan egingo den San Martzialgo erromeria deskribatzeko, eta 25 urte baino gehiago daroatza jaia ospatzen.

Dantzarik gabe, erromeriarik ez

Aurten, gainera, San Martzial egunean bertan tokatzen da ospakizuna eta badirudi eguraldiak lagundu egingo duela. Urteko erromeriarik bereziena izanik, dantzek berebiziko garrantzia izan dute historikoki. "Soka dantza betidanik ezagutu izan dut San Martzialen, hasi nintzenetik. Hain zuzen, Xamatzeko dantzariak ohikoak izan gara San Martzialgo erromerian", adierazi du Aranak. Mezaren eta Sebastian Lizaso eta Maddalen Arzallus bertsolarien ostean hasiko dira dantzak. "Xamatzekook urte askotan egin izan ditugu taldeko dantza batzuk eta gero soka dantza, baina dagoeneko urte askotxo dira gure taldeko dantzak egiten ez ditugula. Soka dantza mantendu egin da, eta baita, nola ez, osteko erromeria ere", gaineratu du Aranak.

Udalbatzako kideak ere dantzari

Udalbatzako ordezkarien dantza ere bada azken urteetan berreskuratu den ohituretako bat. "Entzunda daukat aspaldi korporazioak dantzan egiten zuela, baina, ni hasi nintzenean, duela 25 urtetik gora, udaletxeko parte hartzerik ez zegoen. Urte batetik aurrera, berreskuratu egin zen, eta, ordutik, urtero hartu izan dute parte. Aurten ere egongo dira soka dantzan".

Arkaitz Arana (Xamatz dantza taldeko kide ohia): "Aurreskua eta atzeskua dantzatuko dutenak berriak izango dira aurten. Eta hamalau dantzarietatik zazpi berriak izango dira. Haize freskoa ekarriko dute".

Gainera, Aranak aurreratu du aurtengo soka dantzak aurpegi berriak izango dituela: "Aurreskua eta atzeskua dantzatuko dutenak berriak izango dira aurten. Eta hamalau dantzarietatik zazpi berriak izango dira. Haize freskoa ekarriko dute".

Ingurunea zaintzeko dei berezia

Erromerian sortzen den giroak urtero argazki ederrak uzten baditu ere, biharamunak argazki itsusiak utzi izan ditu, bereziki, azken urteetan: denetariko zaborra berdegunean zehar botata. Horren aurrean, Udalak hainbat eskaera egin izan ditu San Martzialgo eremua "modu jasangarrian" erabili eta herriko "altxor baliotsua" dena guztion artean zaintzeko. Batetik, zuhaitzak eta enbor zaharrak errespetatu egin behar dira; izan ere, San Martzialgo zuhaiztian haritzak, gaztainondoak, pagoak eta lizarrak daude, eta baita zuhaizti horretako elementu baliotsuak diren hildako enborrak ere: "Horiek denak kontu handiz zaindu behar ditugu". Hala, ezingo da zuhaitzetan iltzerik edo inolako beste elementu arrotzik sartu, eta ezingo da zuhaitzen adarrik moztu edo hostorik kendu. Gainera, hildako enborrak babesteko jarrita egongo diren egurrezko hesiak ere errespetatu egin behar dira.

"Zegoen moduan utziko dugu"

Hondakinak gaika bilduko dira, eta jaia amaitzean gune ezberdinetan jarriko diren edukiontzietara eraman: "San Martzial zegoen moduan utziko dugu". Hau da, bertara igotako elementu guztiak batzeko ardura izango dute horiek igo dituzten herritarrak: mahaiak, aulkiak, estalkiak, kupela... Udalak gogora ekarri du, aldi berean, San Martzialen dauden azpiegitura eta elementu guztiak daudenetan utzi behar direla eta eskatu dute Udalarenak diren lurretatik kanpo mahairik ez jartzeko, baldin eta aurrez lur-jabeen baimenik lortu ez bada. Horrekin batera, ezingo da surik egin lurrean zuzenean: "Eta sua egiteko gailu guztiak tentuz erabili, betiere".

Egitaraua:

Soka dantza parekide egin izana, "prozesu naturala"

Iaz, lehenengoz egin zen soka dantza erabat parekidea. "Neskak sartzen joan ziren gutxika eta bazegoen neska gehiagok parte hartzeko nahia; iaz, erabat parekidea egiteko helburua zehaztu genuen; gizarteak bultzatutako prozesu natural bat izan da", adierazi du Xamatzeko kide ohi Arkaitz Aranak. Aurten, 14 dantzari irtengo dira, eta, %100ean parekidea izango ez bada ere, emakumeen presentzia bermatuta egongo da.

Iazko soka dantzaren une bat, lehenengoz erabat parekidea izan zena.

Gogora ekartzeko, soka dantzak hiru zati izango ditu: sokako azkenak atzeskua eta lehenak aurreskua egingo dute, desafio eran, hasieran eta erdialdean; gero, sokako partaide guztiek alpargata edo axeri dantza egingo dute; bukatzeko, sokako lehenak eta azkenak aurreskua dantzatuko dute. Borobiltzeko, herri guztia gonbidatuko dute fandangoa eta arin-arina dantzatzera.

1960ko sanmartzialez gozatzen

San Martzialgo erromeria aspalditik errotuta dagoen seinale, La voz de Guipúzcoa-n Miguel de Unamuno filosofo ezagunak –aita eta aitajauna bergararrak zituen– 1888. urteko erromeriaren gaineko artikulu luze bat idatzi zuen; Unamuno irakurrita ondoriozta daiteke orduko eta egungo erromeria, izaten den giroari dagokionez, nahiko antzekoa dela.

Mutil kuadrilla San Martzialgo erromeriaz gozatzen. Argazkia: Pedro Garitano.

Horren atzera egin gabe, Pedro Garitanok bidalitako goiko argazkia 1960koa da. Bergarako mutil kuadrilla bat, jaiaz gozatzen; lehen lerroan, eskuinetik ezkerrera: Jose Luis Larrañaga, Iñaki Gabilondo, Markos Gisasola, Josu Eguren, Balentin Gantxegi eta Joxe Alberdi. Bigarren ilaran, ezkerretik eskuinera: Bixente Eguren, Pedro Garitano, Martin Gantxegi, Jose Mari Sasieta –tapatuta–, Jose Mari Larrañaga eta Antton Juaristi. "Ni naiz bizirik jarraitzen duen bakarra, hau da hau panorama...", adierazi du Garitanok.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.