Harpidetzez gain, ekainaren 27an Bergaran komunikazioan eta kazetaritza munduan aritzen diren profesionalen eta militanteen babes argazkia egingo dute eta uztailaren 4an Bergarako eragileetako, sindikatuetako eta alderdietako kideen babesa jasoko dute.
Elkoro 'Egin'-eko zigortuen artean
Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, Bergarako alkate ohi Jose Luis Elkoro zegoen Egin-eko lantaldean zegoen: "1998an Espainiako Estatuak Baltasar Garzon epailearen bitartez Egin itxi, arduradunak atxilotu, epaitu eta espetxeratu zituen, zigor gogorrak ezarriz, eta tartean Jose Luis Elkoro zegoen. Herritarren erantzuna berehalakoa izan zen, mobilizazioez gain, Gara egunkariak argia ikus zezan auzolan ikusgarria antolatuz".
20 urte dira Gara-k argia ikusi zuenetik: "Ahots bat gehiago, begirada bat gehiago Euskal Herria eta nazioarteko errealitatea ezagutzeko. Baina, Madrilgo agintariek ezin dute ikusi ere egin eta Egin-ek Ogasunarekin omen zuen zorra Gara-ri ordainarazi diote, ekonomikoki ito eta ixteko asmoz.Euskal Herri luze zabalean Gara-ren aurkako espoliazioa salatzeko hamaika ekimen egiten ari dira, eraso honen aurkako babesa jasotzen ari da Gara askotariko pentsaera ideologikotatik, kultura sortzaileengandik, kirol mundutik, kazetaritzatik, sindikatu edo alderdietatik…".
Hiru milioi euroko isuna
Isuna hiru milioi eurokoa da eta horretarako Euskal Herri mailan 10.000 harpidetza behar dira gutxienez: "Bergaran 80 bat egitea dagokigu". Esandako moduan hurrengo bi eguenetan –ekainaren 27an eta uztailaren 4an– Irala kalean egongo dira harpidetzak egiten, 19:00etatik 20:30era.