Agorrosingo ur txorroten zoruak haserrea eragin du hainbat erabiltzailerengan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko eka. 18a, 19:49

Umeak ur txorrotetan jolasten, gaur, ekainak 18.

Uda denboraldia hastearekin batera egubakoitzean jarri zituzten martxan Agorrosingo ur txorrotak. Ezin da esan txorrotek hasiera ona izan dutenik, bereziki sare sozialetan hainbat erabiltzaile kexatu direlako zoruagatik; ume bat baino gehiago artatu behar izan dute erortzerakoan urratuak izan dituztelako. Kirol teknikari-buruarekin egon da GOIENA: "Arazoak ditugu zoruarekin eta irtenbiderik egokiena aztertzen ari gara; bihar [eguaztena] bilera teknikoa dugu".

Udaleko kirol teknikari-buru Iñaki Ugartebururen arabera, instalazioa "konplexua" da ur txorrotena, eta orain arteko prozeduraren berri eman du: "Uneoro urarekin funtzionatzen du eta argi geratu behar da lur horrek baldintza jakin batzuk bete behar dituela. Lehen lurra bota genuenean eta lehen tratamendua eman, ikuskatzailea etorri zenean neurtzera zenbateraino zen labainkorra, esan zigun ez zela ailegatzen eman behar zuen gutxieneko mailara. Zer egin behar izan genuen? Harea gehiago bota eta latzagoa egin; hori egin ostean ikuskatzaileak onartu zuen txorrotak martxan jartzea".

Bilera teknikoa eguaztenean

Legea bete arren, arazoari irtenbidea eman nahi diote, Ugarteburuk dioenez: "Bihar [eguaztena] bilera tekniko bat dugu, eta jakin nahi dugu ea lurra berriro ere tratatu daitekeen horren latza ez izateko, beti ere kontuan hartuta urarekin kontaktuan dagoen lurra dela eta ezin dela labainkorra izan; eroriko txar batek lesio latzagoak eragin ditzake".

Txorrotak martxan jarri zirenetik zenbat ume artatu behar izan dituzten galdetuta, honako hau dio Ugarteburuk: "Lehen egunean hiru ume artatu behar izan genituen eta sare sozialetan ikusi dudanez besteren bat ere artatu behar izan zuten atzo [astelehena]".

Astelehenean, 1.700 lagun inguru

Sarrera datu esanguratsua bat eman zuen Agorrosinek atzo, astelehena: 1.700 erabiltzaile inguru. Hori bera nabarmendu du teknikariak: "Jende asko da, gehienak arratsaldeko ordu tarte jakin baten datozenak, eta instalazio guztiak jartzen dira proban halakoetan; bagabiltza gaiarekin, gaur [martitzena] sorosle berri bat jarri dugu gune horretan errefortzu modura, eta erabilera zaintzeko arautegi bat osatzekotan ari gara –nahiz eta hasieratik ez genuen jarri nahi– Oñatiko eta Antzuolako Udalekin berba egin ostean. Lehen esperientzia izan da honako hau guretzat, eta enpresarekin elkarlan estua dugu; uste dugu irtenbide egoki bat emango diogula".

Alkate izendatu berriak txorrotak bisitatu ditu

Gorka Artola alkate izendatu berria Agorrosinen egon da gaur arratsaldean arazoa zein den bertatik bertara ikusteko: "Bizilagun batzuen kexak irakurri ditugu eta martxan dagoen instalazio honi soluzio tekniko bat aurkitu behar zaio. Iñakik [Ugarteburu] esan duenez bilera teknikoa dago bihar eta ea moduren bat topatu daitekeen irisgarritasun baldintza onenekin, zauri horiek egiteko arriskua saihesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak