Hiru urte zituela hasi zituen musika ikasketak Moñuxek Bergarako Musika Eskolan, biolina jotzen hain zuzen ere Josune Ena irakaslearekin. Zortzi urterekin maitemindu zen tubarekin, Alberto Laskurain irakaslearekin ikasketak hasi zituenean, eta ordutik dihardu instrumentu horrekin lanean. Bergarako Musika Eskolatik Donostiako Kontserbatoriora egin zuen salto, eta Juan Carlos Rivellesekin ikasi zituen maila profesionaleko ikasketak; Oscar Abella, Euskadiko Orkestrako tuba bakarlariekin ere jaso ditu eskolak han. 17 urterekin, ostera, Amsterdamera abiatu zen goi mailako ikasketak egitera.
Bergarako orkestrarekin eta Musika Bandarekin jardundakoa da Moñux, baita beste hainbat gazte orkestrarekin ere, besteak beste, OSCANekin (Joven orquesta sinfónica de Cantabria), EIOrekin (Euskal Ikasleen Orkestra), EGOrekin (Euskadiko Gazte Orkestra), eta NJOrekin (Holandako Orkestra Gaztea). Profesional mailan Euskadi Brassekin ere jo izan du.
Ekainaren 26an, Amsterdameko kontserbatorioan egingo duen emanaldiarekin, Tubako Goi Mailako ikasketak bukatutzat emango ditu.