Iruñeko La Pamplonesa bandak 100 urte beteko ditu irailean, eta dagoeneko hasi dira urteurrena ospatzen. Joan den eguaztenetik domekara bitartean banden topagune bihurtu zen Nafarroako hiriburua: kontzertuak eskaini zituzten hainbat antzokitan, nazioarteko maisurik handienekin masterclas-ak egin eta musikari onenen emanaldiak izan ziren, besteak beste.
Zapatua, ostera, egun popularra izan zen eta handik eta hemendik joandako bandek herriko hainbat txoko girotu zituzten, Bergarako bandak, esaterako. Kalean ibili ostean, iluntzean zezen plazan jo zuten. Han elkartu ziren hainbat herrialdetatik etorritako beste 60 banda ere, besteak beste, Japoniatik eta Frantziatik. "La Pamplonesa sortu aurretik, banden lehiaketa bat antolatu zuten Iruñean, eta Bergarako banda han izan zen. Parte hartutakoekin oso eskertuta daude La Pamplonesakoak eta hori izan zen gu gonbidatzearen arrazoia", adierazi dute bandako kideek.
Banda guztiak elkartutakoan zezen plazan, 3.000 musikari inguru, bi pieza jo zituzten elkarrekin: La alegría en San Fermín (Riau-Riau moduan ezagunagoa) eta Clarín de Fiestas.
Hainbat bandetako zuzendariak, besteak beste, Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Enrike Txurruka bergararrak, Johan de Meij konpositore eta banda zuzendari holandar ospetsuarekin.