Bergara Hiria Hockey txapelketa jokatu dute, gaur goizean, Labegaraietan. Sei partidu izan dira. Bilboko Metropolitano taldea, Segoviako Cochinillos Voladores taldea eta Bergarako Burdinola izan dira nor baino nor.
Oso pareko ibiltzen dira beti Metropolitano eta Burdinola eta jardunaldiko lehenengo partiduan neurtu dituzte indarrak gaur. Norgehiagoka hori 4-3 irabazi du Bilboko taldeak, eta hor erabaki da txapelketa. "Segoviako Cochinillos Voladores taldeari irabazi egin diogu, baina bilbotarrek ere bai. Hala, bigarren egin dugu", adierazi du Bergarako taldearen entrenatzaile Agustin Oiangurenek. "Joan zen igandean guk irabazi genuen Euskadiko Kopa eta gaurkoan beraiek irabazi dute txapelketa".
Oiangurenek jakinarazi du ez duela talde osoarekin jokatu gaurkoan. "Atezaina ez da egon eta jokalari bat ipini dugu postu horretan. Tira, gol bateko aldearekin galdu dugu. Partidua ona izan da".
Bihar hirunako irekia
Bihar, domeka, txapelketa irekia egingo dute Labegaraietan. Hockey modalitateko txapelketa izan da honakoa ere, eta 15:00etatik 20:00etara jokatuko dute. "Gazteak, nagusiak... denetik izango dugu; izan ere, irekia da", esan du Oiangurenek.