Osoko bilkura berezia biziko da bihar udaletxean (12:00), 2019tik 2023ra arteko udalbatza berria eratzeko bilkura egingo dute eta. Bilkurak bi zati izango ditu: udalbatzaren eraketa eta alkatearen izendapena. 17 zinegotziz osatutako udalbatza berria eratzeko, Adineko Mahaia osatuko da, zinegotzi zaharrenak, gazteenak eta udal idazkariak osatutakoa. Zaharrenak zinegotzi hautatuei zin egin edo hitza ematearen formula irakurriko die, baiezkoa eman dezaten.
Zin egitea, ezinbestekoa
Zinegotzi guztiek zin egin ondoren, korporazio berria eratu dela eta zinegotziek kargua hartu dutela aldarrikatuko du adineko mahaiburuak. Zin edo hitza eman, zinegotzi guztiek egin behar dute, zinegotzi kargua hartzeko ezinbestekoa delako; izan ere, LOREG delako lege organikoak hala agintzen du.
Bilkurako bigarren zatian, alkate berria aukeratuko dute, eta, azken orduko sekulako sorpresarik ezean, Bergarak inoiz izan duen alkaterik gazteena izango da: 30 urte dituen Gorka Artola. Lehen bozketa baten gehiengo osoa lortzen duen hautagaia izendatzen da alkate, eta, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EH Bilduk bederatzi zinegotzi eta gehiengo osoa lortu zituenez, lehen bozketa horretan irtengo da aukeratua Artola –betiere, ez balitz azken orduko sorpresarik egongo–.
"Martxan gaude, lanerako gertu"
Artolak GOIENAri aitortu dio "ilusioz" biziko duela bilkura: "Hitzez deskribatzeko zaila da, ilusioa da etortzen zaidan berba. Martxan gaude eta, egia esan, burua hurrengo antolaketa lanetan daukat gehiago zapatuko [biharko] kargu-hartzean baino. Sinbolismo handiko bilkura izango da, oso solemnea, eta berezia izango da. Hala ere, aurrera begira gaude, lanerako gertu". Alkate moduan emango duen lehen diskurtsoaz galdetuta, aurreratu du mezu nagusia izango dela herritarrak, eragileak eta Udala bide berean jartzea Bergara hobe bat eraikitzeko.
Esker ona adierazteko ekitaldia
EH Bilduk osoko bilkuren aretoa betetzeko deia egin du biharko, eta ondoren ekitaldi bat egingo dute Aranzadi Ikastolako gimnasioan. Ekitaldiaren helburua da zinegotzi talde berriari ongietorria egitea eta, bereziki, zinegotzi karguak utziko dituztenei esker ona adieraztea. Ondoren, han bazkalduko dute; txartelak salgai daude Arrano eta Pol-Pol tabernetan, 23 eurotan.
"Ilusioz egingo dugu oposizioa"
Bestalde, bihar utziko dio jarduneko alkate izateari Elena Letek, eta GOIENAri adierazi dio sentsazio "gazi-gozoaz" biziko duela biharko osoko bilkura: "Alde batetik, beste nahi bat geneukan aurkeztu ginenean. Gobernuan egon nahiko genuke eta gure emaitzek aurrera jarraitzeko aukera ahalbidetu, baina ez da horrela izan. Bestetik, programa zentzuz osatu genuen eta programa hori gauzatzeko ahal dugun guztia egingo dugu oposiziotik, ilusioz".
Zumitzezko uztaia Artolari
Duela lau urteko udalbatza eratzeko osoko bilkuran, 2015eko ekainaren 13an, Juanje Alberdi izendatu zuten alkate eta Letek 2016ko urtarrilean hartu zuen alkatetza Alberdirengandik –Alberdik arrazoi profesionalak argudiatu zituen alkatetza uzteko–.
Horrez gain, urteotan lagungarri izan zaion esaldi bat ekarri du gogora Letek: "Oparitu zidaten koadro bat daukat gogoan, honako hau zioena: Jainkoek eman diezadatela aldatu daitezkeen gauzak aldatzeko ausardia, aldatu ezin ditudanak onartzeko lasaitasuna eta bien artean bereizteko jakinduria. Marco Aurelio Antoniusen esaldi bat da eta lagungarri izan zait agintaldi honetan; espero dut Gorkarentzat ere hala izatea".
Biharko osoko bilkuraren amaieran, zumitzezko uztaia emango dio Letek Artolari eta aldez aurretik zinegotzi kargua zin egin duen alkate izendatu berriak aretora hurbildu diren herritarrei zuzenduko zaie, lehenengoz alkate gisa.