Iazko Pentekoste jaietatik aurtengoetara jaio diren umeak izan dira protagonista gaur Bergarako udaletxean egindako ongietorri ekitaldian. 98 ume denera, gazteena, zortzi egunekoa besterik ez. Eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan haien amez, aitez, aiton-amonez, osaba-izebez, anai-arrebez eta bestelakoz bete da. Lehenengo, udaletxean bertan zapi bat jarri diete zinegotziek umetxoei, eta gero, San Pedro kalera joan dira denak batera talde argazki erraldoia ateratzeko.
Hala gura dutenek, gainera, talde argazki hori eskuratzeko aukera izango dute ekainaren 25ean, 18:00etik 20:00etara, Seminarixoko leihatilan.